Leitzako Txosna Batzordeak festetan gertatutako eraso faxistak salatu ditu

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 18a, 13:00

Gaur 19:00etan agerraldia eginen dute herriko plazan gertatutakoa salatzeko eta erasotuari elkartasuna adierazteko

Leitzako Txosna Batzordeak adierazi duenez, «abuztuaren 9ko gauen, festak hastear zeudela, beheko txosna eraso egin ziguten. Bertan 'Muerte a los terroristas' idatzi eta pintura gorria bota zuten. Hurrengo egunak eraso berririk gabe joan ziren, festetako azken eguna iritsi zen arte. Abuztuaren 15eko gauean, berriro ere txosnako atean mezu bat utzi ziguten. Mezua herritar bati bideratua zegoen, bertan berari eta bere familiari mehatxu zuzena eginez».

Txosna Batzordeak eta Leitzako Udalak «gogor» salatu dituzte jasandako erasoak eta «elkartasun eta babes osoa» adierazi diete erasoa izan duen herritarrari eta bere familiari. Aldi berean, «Euskal Herria hainbestetan eraso duen eta erasotzen jarraitzen duen faxismoa» salatu nahi izan dute. Batzordeak adierazi duenez, «argi dago ez dugula eraso faxistarik onartuko eta horrelakoak berriro gerta ez daitezen borrokan jarraituko dugula».

Hau guztia salatzeko eta erasoa jasan duenari elkartasuna adierazteko, agerraldia deitu dute gaur arratsaldean, herriko plazan 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun