«13-14 urterekin» hasi zen txistua ikasten Huarte, «herriko txistulariekin kuadrilla bat hasi ginen» eta hala, «notak jotzeko posturak eta piezak ikasiz» segitu zuen. Dioenez, «ez naiz musika eskolan txistu ikasketak egindakoa, joz eta belarriz ikasi dut. Abilidade berezia dutenak izanen dira, baina ongi jotzeko ikasi, saiatu eta praktikatu, ez dago besterik». 17 bat urterekin egin zuen kalerako saltoa, eta hortxe segitzen du, «Leitzan ehun urte baino gehiago dituen» tradizioari eutsiz: «Segur aski urte gehiago izanen ditu txistuak Leitzan, baina gutxienez ehun urte baino gehiago ditu, oso aspaldikoa da».
«Urte guztirako programa» izaten omen dute txistulariek Leitzan. Inauterietan, «bizpahiru egunetan baserrietako eskean ateratzen gara». Hortik aparte, «herrian edozein ekitaldi baldin bada, hantxe izaten gara». Bada, ordea, azken urteotan «galdu» den ohitura bat: «Duela hiruzpalau urtera arte igandero plazan txistua izaten zen. Guk Anjel txistularia ezagutu genuen, 50 urtez jotzen aritu zena 1980ra arte, Fermin atabalariarekin gehienbat. Ondoren Patziku eta Juan Migel aritu ziren urte askoan Ferminek lagunduta, eta lehendik ere eta azken urteetan, Juan Migelekin batera, Eskubi txistularia eta Etxebe atabalarekin aritu dira». Txistulari gehiago badirela dio, «baina horiek ziren iganderoko konpromisoa hartua zutenak. Gaur egun, txistulariok ez dugu igandero bi orduz txistua jotzeko konpromisorik hartu nahi».
Pestetarako motorrak berotzeko
Igandeetakoa alde batera utzia izanagatik, badute non ari, eta bereziki uda garaian. San Juan bezperan hasten dute Leitzako txistulariek udako denboraldia, Huartek «betitik» ezagutu duen zitarekin: «Arratsaldez, Leitzako dantza ezagunena den ingurutxoa dantzatzen dute gaztetxoek. Ez da serioa izaten, baina aspaldikoa da. Gero, afaltzeko garaira arte txistua jotzen dugu».
Aurrera dantza taldearen saioetan ere ezinbestekoak dira. «Dantzariak urte guzian aritzen dira entseguak egiten, baina sanferminak bukatu eta pestak hasi bitarte, astean bost egunetan entseguak egiten dituzte pestetako erakustaldi handirako, eta txistulariak beraiekin entseatzera joaten gara».
Pesta aurreko asteburuan izaten dute segida. «Larunbatean, Plazaola aldizkaria eta bestetako programa etxez etxe banatzen dituzte, eta txistulariok hor parte hartzen dugu. Igandean, umeen eguna izaten da eta goizean diana izaten dugu, eta arratsaldean dantzari ttikien saioa plazan».
Egunero hitzorduak
Pestetan ez dute nolanahiko protagonismoa; egunero ateratzen dira kalera, eta zenbaitetan bizpahiru aldiz. «Bezperan, 10ean, arratsaldean txupinazoaren ondoren, kalejiran aurreneko txistulariak ateratzen gara, gero txaranga, erraldoi eta buruhaundien konpartsa…». Huartek «oso kale girokoak» direla azpimarratu du: «hizketan gelditzen gara, trago bat hartu...»; eta «bai dianan, bai kalejiran, aspalditik egin den ibilbide bera» egiten dute.
Bezperan hasi baino ez da egiten txistularien joan-etorria. «Ondoko bost egunetan, egunero, 08:00etan diana jotzen dugu. Tartean, entzierroa izaten da eta hor ere ibiltzen gara». Egun haundian, 11n, plazan biltzen dira: «12:00etan ezpata dantza jotzen dugu. Ikusmin ikaragarria sortzen du eta plaza betea egoten da. Momentu berezia izaten da». Segidan, «gosaria egin eta kalejira egiten dugu». Gauean berriz hartzen dute hiru zuloko tresna kuttuna. «21:00etan ingurutxoa jotzen dugu plazan. Leitzar gehienek badakite eta irekia izaten da».
12an, goizean diana eta arratsaldean Aurrera dantza taldearen emanaldia izaten dute. Hori omen da «entsegu gehien» eskatzen diena. Baina ez da eguneko hitzordu bakarra. «Gauean, plazako musika bukatzean, 03:00 aldera plazan ingurutxoa jotzen dugu». Horren harira, «lehen plazako musika bukatutakoan egunero ingurutxoa dantzatzen zela» azaldu du, eta «ikaragarrizko arrakasta» zuela. Azken egunean ere, 15ean, ingurutxoak bere tokia izaten du: «bikoteen ingurutxoa jotzen dugu».
«Txistulariak oso kale girokoak gara. Kalejiran jendearen hizketan, tragoa hartuz... ibiltzen gara»
«Egitarau ofizialetik kanpo», pestetako egun batean txistulariak biltzeko aprobetxatzen dute: «Eguerdi aldera, gosari ttiki bat egin eta bazkaltzeko ordura bitarte kalejiran ateratzen gara. Bazkalondoan txistuarekin segitzen dugu. Mahaitik altxa eta beste kalejira bat egiten dugu 20:00 aldera nekatu edo aspertu arte, edo inguruko guziak aspertu arte», dio irri artean. Egitarauaren arabera, egun batean edo bestean biltzen dira, eta «mordoxka» elkartzen omen dira; «hamar-hamabi lagun».
Garbi gelditu da, eta Huartek hala berretsi du: «txistuaren doinua Leitzan oso barneratua dago. Edozein pesta edo ekitaldi denean deitzen digute eta oso ohikoak gara». Hitzordu gehienetan hutsik egiten ez dutenak «lau edo bost» direla dio, «baina pestetako egun berezian gehiago biltzen gara». Txistularien etorkizunaz galdetuta, «ez da erraza» bere irudiko, «12-14 urtetik aurrera, kuadrillarik ez badute zaila da segitzea». Baina «sendo datozen gazte batzuk» badirela argitu du: «Goi mailako txistu ikasketak egiten ari den neska bat gurekin ibiltzen da. Beste mutil gazte batek ere oso ongi jotzen du eta ikasketak egiten ari da. Bat edo beste heldu dira».
«Beste musika klaseek» txistuari egiten dioten itzala ere aipatu du: «Bolada batean, pesta bezperako kalejiran lagun kuadrilla bat gurekin etortzen zen, baina gaur egun oso gutxik segitzen du. Txarangarekin ere jende gutxi ibiltzen da. Momentu honetan arrakasta haundiena duena erraldoi eta buruhaundien konpartsa da». Hala ere, «gustura» ari da eta hortxe segitu nahi du, «gorputzak eta abilidadeak aguantatzen duen arte». Pesta hauetan ere ez du hutsik eginen, «txistuarekin edo gabe» kalean ikusiko dugu, «kaleko giroa» delako «pestetatik gehien gustatzen zaidana».