Dantzaria, dantzazalea eta dantza irakaslea da. «Duela 22-23 urte» hasi zen: «Dantzak ikustera joaten ginen, beti gustatu izan zaizkit. Joseba, Onintza, Xabier eta Nerea talde bat egin behar zutela hasi ziren eta holaxe sartu nintzen». Geroztik «ibilbide polita» egin dute. «Tarteka pixka bat gogorra» izan dela aitortu du, «lanetik atera eta dantzara segidan, udan egunero...» baina gustukoa denean... Gainera, bestelako ateak ireki dizkie dantzak: «Bidaia batzuk egokitu zaizkigu eta herriz herri asko ibili gara; normalean, Euskal Herrian barna, baina baita Katalunian, Txekian eta Marrakexen ere». Dantza ikasle hasi zena gaur egun, irakasle ere bada: «Gazteekin normalean Nahia eta ni aritzen gara, baina tarteka Joseba eta Onintza laguntzera azaltzen dira. Helduetan normalean ni aritzen naiz pixka bat zuzentzen, eta Joseba ere azaltzen da. Orokorrean denok egiten dugu gure ekarpena».
Taldea bizirik
Ez da atzo goizean sortutako taldea. Olanok azaldu duenez, «Aurrera Dantza Taldea Aurrera Kirol eta Kultur Elkartearen barrenean dagoen atal bat da. Aurrera izenarekin 50.eko hamarkadan sortu zen legalki, nahiz eta aurretik dantza talde gisa herritik kanpora ateratzen ziren Ingurutxoa dantzatzera». Eta hamarkada batzuk beranduago taldea bizirik dago: «Talde nagusian neguan gutxi ibili gara eta pandemiak asko moztu digu. Orain, pestetako ari garen honetan, 22 lagun inguru gara. Gaztetan, berriz, 12 eta 17 urte bitarteko 45 inguru dira».
Pesta bigarreneko saioa
Pandemia tarteko azken bi urteak «nahiko bereziak» izan direla kontatu du: «ez dugu deus aurreratzerik izan». Baina garai hori atzean utzita, egun bereziak dituzte ate joka: pestak. Horiei begira daude orain, nahiz eta ez den horretara mugatzen Aurrera Dantza Taldearen urteko jarduna. «Orantzarotan, Aurrera Egunean, Umeen Egunean gazteekin eta pestetako bi egunetan» aritzen dira. Pestetan, «San Tiburtzio Egunean Leitzako Ezpata dantza dantzatzen dugu, 12:00etan, eta pesta bigarrenean arratsaldez Leitzako Ingurutxoa eta saioa osatzeko euskal dantza batzuk». Guztietan «jendeak ongi erantzuten» duela eta, «asko eskertzekoa» iruditzen zaio: «joanen ez balira, ez dut uste saio haundirik izanen genukeenik. Pesta egunean eta bigarrenean plaza gainezka egoten da».
Izan ere, leitzarren agendan, bereziak dira bi emanaldi horiek. Eta Olanoren hitzetan, pesta bigarrenekoa da «dudarik gabe, urteko bereziena»: «Zure herrian zaude eta ahalik eta txukunena egin nahi duzu. Nerbioak eta tentsioak normalean baino haundiagoak izaten dira, ingurukoei dantzatzen diozu eta herriko pesten parte zara».
Jendetza biltzen da saioa ikustera, eta Olanori «izugarria» iruditzen zaio «plaza horrela ikustea, oilo pikorra jartzen da. Oso jende leiala eta konplitua daukagu herrian». Arrakastaren sekretua zein den ez dakiela aipatu du, irri artean «akaso ongi dantzatzen dugulako» esan du, baina horren gainetik, «urte guzian egindako lanaren fruitua» erakusteko momentua da beraientzat. Horren atzean prestaketa haundia baitago: «Normalean irail aldera hasten dugu ikasturtea. Hasieran Aurrera Eguneko eta Orantzaroko saioetarako zentratzen gara, eta pixkanaka pestetakoarekin hasten gara. Urtarriletik aurrera pestetakoarekin aritzen gara: hasieran ostiraletan, udan astean bi edo hiru aldiz, eta azken asteetan egunero».
Seguru mimoz landutako saioa eginen dutela aurten ere. «Euskal dantza tradizionalak» izanen ditu oinarri, baina «aurreko urteetakoetatik desberdina» izanen da, «urtero errepikatzea ez delako polita». Hortik aparte, ez du deus gehiago aurreratu: «Hoberena pestetako emanaldira azaltzea izanen da nolakoa izanen den jakiteko».
Ezpata dantza
San Tiburtzio Egunean Ezpata dantza dantzatzen dutenean ere goraino betetzen da plaza. «Jatorriz dantza ez da Leitzakoa, baina bertakoa bezala kontsideratzen da». Aurrenekoz, 1932an dantzatu zuten Leitzan, «Batzokia inauguratu zutenean. Sabino Aranak Durangaldeko Dantzari dantzaren eraldaketa bat sortu zuen, eta Batzokien bidez Euskal Herrian zabaldu zen. Eraldaketa hori da Leitzara 1932an iritsi zena, beste hainbat lekutara bezala. Aldiz, handik urte batzuetara, eraldaketa hori bigarren mailan gelditzen hasi zen eta Dantzari dantza jatorrizko moduan dantzatzen hasi ziren Leitzan ez gainerako beste lekuetan. Leitza izan da Aranak zabaldu zuen modura mantendu duen kasik leku bakarra. Horregatik gaur egun oraindik Leitzako Ezpata dantza izenez ezaguna da». Aldatu dena parte hartzea da, 2015etik emakumezkoek ere dantzatzen dutelako. Aldaketa «nahiko natural» egin zela dio Olanok: «Beti gizonezkoek egiten zuten eta nik uste ohituragatik ez zela planteatzen. Pixkanaka gurekin ikasten hasi ziren eta hortxe ari dira gu bezala».
Leitzak dantzarekin duen loturaren beste adierazlea Ingurutxoa da, hori ere «berezia», Olanoren arabera, «bertakoa izatez gain, urte askotan mantendu delako. Guretzako ohorea da gurea den gauza bat toki askotara zabaltzea». Umoretsu gaineratu du, «lehen ligatzeko balio omen zuela... Orain ez dakit hala izanen den...».
Dantzak dantza, pestetan lanean aritzea tokatuko zaio Olanori, «tabernan egiten dut lan eta ordu batzuk pasa beharko ditut». «Lagunekin eta etxekoekin egoteko» tarte bat hartzen saiatuko dela dio, baina Aurrerakoen hitzorduetan behintzat ez du hutsik eginen. Herritarrei «pestak ahal den hobekien ospatzeko» deia egin die, «txintxo eta gauzak zainduz pasatzeko eta etxean inor ez dadila gelditu». Baina esker oneko hitzak ere luzatu ditu: «dantzariok oso eskertuak gaude herritarrek ematen diguten babesarekin. Eta txistulariei eta musikariei ere eskerrik asko. Beti guri ematen dizkigute eskerrak, baina beraiek ere lana egiten dute».