Uda giroa

Plazaola aldizkaria banatu eta Umeen Egunarekin pesta usaina nabaritu da Leitzan asteburuan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 8a, 10:00

Leitzako santiburtzio pestetako txupinazoa abuztuaren 10ean, asteazken arratsaldean botako dute, baina beti bezala, aurreko asteburua ere ospakizunez betea izan dute. Abuztuaren 6an, larunbatean, ‘Reparto Eguna’ izan dute, hau da, ‘Plazaola’ aldizkariaren banaketa eguna, musikarien laguntzarekin eta eskelarien bazkariarekin. Igandean, berriz, Umeen Eguna ospatu dute.

Igandeko eguna hasteko, udal korporazio handiko alkate eta zinegotziekin gosaldu zuten seigarren mailako ikasle batzuk osatzen duten korporazio txikikoek. Gero, suziria bota zuten Laida Maritorena Etxeberriak eta Liher Fernandez Zubeldiak. Aurrera pilota eskolakoen pilota partidak, haur jokoak eta gurpildun zezenak ere izan zituzten goizean.

Arratsaldean, berriz, erraldoi eta buruhandiak atera ziren. Aurrerako dantzari txikiek dantza emanaldia eskaini zuten, Ingurutxo eta guzti. Umeen Eguna bukatzeko, Xalbor aritu zen eta zezensuzkoa ere atera zen.

Umeen Eguna igarota, orain asteazkeneko txupinazoari begira daude Leitzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun