Herri lurren aprobetxamendurako ordenantzaren zirriborroa prest dute Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 5a, 17:00
Herri-lurren aprobetxamendua arautzeko ordenantza prestatzeko parte-hartze prozesuko bilerek erantzun ona izan dute Goizuetan.

Abuztuaren 22tik irailaren 16ra bitartean egin ahalko dira ekarpenak e-Posta bidez

Goizuetako herri lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza berritzeko hiru lan saio egin dira azken hilabeteetan. Parte-hartze prozesu honetan erantzuna ona izan da, batez beste hogeita hamar lagunek parte hartu baitute saio hauetan. Ordenantza berritzeko honako gai hauek azaldu zituzten udal kideek, beste herrietako ereduak adibide gisa hartuta, eta ondoren, parte hartzaileek beraien ekarpenak egin zituzten taldeka banatuta.

  • Herritar bakar batek erabiltzeko lur eremu itxiak
  • Auzolanak
  • Mendietako batzordeak
  • PAC hektareak banatzeko irizpideak
  • Tasak

Lehen bi saioetan herritarrek emandako iritzi eta ekarpenak kontutan hartuta, ordenantza berriaren proposamena prestatu zuen Udalak eta uztailaren 28ko batzarrean aurkeztu.

Proposamen honentzako ekarpenak abuztuaren 22tik irailaren 16ra bitartean egin ahalko dira udala@goizueta.eus helbidera idatzita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun