Udalarekin eta herriko beste hainbat eragilerekin batera, jai batzordeko parte da elkartea, eta noski, bertan parte hartzen du Goiak; «antolaketa lanetan ibiltzen gara eta festa egunetan hainbat ekintzetan parte hartzen dugu; sagardo egunean, peñen egunean…».
Festetarako prest
Egitaraua prest dute dagoeneko; «normalean festak 14tik 18ra izaten dira, baina aurten 13a larunbata izanik, eguna indartzea eta egun bat luzatzea erabaki dugu. Gazte eguna antolatuko dugu egun horretan». Baina gazteek ez ezik, «denon artean» egiten dute egitaraua, «denon gustura». Gainera, aurten inoiz baino gogotsuago ospatuko dituzte festak; «bi urteko deskantsua izan dugu eta jendea gogoz dago berriz ere festan murgiltzeko».
Udal langilea denez, festa egunetan lana egitea tokatzen zaio Goiari; «gehienbat kale garbiketan, hesiak montatzen, herriko altzariak mugitzen…». Hala ere, festa egiteko tartea izanen du; «ahal den neurrian festa lanarekin uztartzen saiatzen gara».
Egun bereziak dira goizuetarrentzat: «14a lehenbiziko eguna izaten denez, jendea kristoren gogoarekin egoten da eta herriko gazte eta ez hain gazteak ateratzen gara egun horretan». 16ak ere «indar handia hartu duela» dio; «sagardo eguna egiten da, eta ohitura bihurtu da kuadrillen bazkariak egitea». Peñen eguna 18an izaten da, «bazkaria, kalejira, blusak, txaranga, denok elkarrekin, herri guzian barna bata besteari lotuta… giro berezia izaten da. Kalejira errekan bukatzen dugu eta gero plazan gazta, ardoa eta ogia izaten da eta zezenak laxatzen dira. Egun polita da ikusteko, baita bizitzeko ere». Gainera, azkeneko eguna izanik, «azken urteetan festen bukaerako ekitaldia egiten dugu plazan gaueko hamabietan txarangarekin. Plazan sortzen den giroa banderaren jaitsierarekin oso berezia da».
Goizuetako festen berezitasun handiena «herri giroa eta euskal giroa dira, eta jendeak hori nahi du. Nahiz eta egun horietan Donostian Aste Nagusia izan, hango jendea ere etortzen da herrira». Ikastolako taberna ere nabarmendu du; «14tik 18ra 24 orduz irekia egoten da. Hori kanpotik etortzen den jendeak eta herrikoak asko eskertzen du, edozein ordutan zerbait jateko aukera izatea kristoren salbazioa baita».
Azken urteetan herria aldatu dela dio Goiak; «beste herri askotan bezala, biztanleria jaitsi egin da eta hori festetan ere nabaritzen da. Hala ere, kanpoan bizi diren herritarrak Goizuetara etortzen dira festetan eta goizuetarrok, beti bezala, parrandarako gogoarekin eta umore onarekin segitzen dugu».