Miguel Angel Lizarraga

«Odola ematea laguntza emateko beste modu bat da eta hori haundia da»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 23a, 08:00

Miguel Angel Lizarraga intsignia eskuan duen ilobarekin. Argazkia: Patxi Lizarraga.

Miguel Angel LIZARRAGA ZABALETA, Leitzako odol emailea.

2021ean 50 odol emate egitera ailegatzeagatik esker on intsignia hartu zuen Lizarragak ekainaren 26an Iruñeko Baluarten. Odola emateko deia egin du, «ez delako deus kostatzen».

«Eta nik zergatik ez?». Horixe galdetu zion Miguel Angel Lizarraga Zabaleta leitzarrak bere buruari ingurukoak odola ematekotan zirela sumatu zuenean. «25 urte edo» omen zituen aurreneko aldiz eman zuenean, baina haurra zela erakarri zuen ekintzak: «Ttikitan oroitzen dut izeba Asun eta Itziar lehengusua emaile egiteko paperak betetzen, eta atentzioa eman zidan». Gaztaroan eman zuen pausoa: «Handik urte batzuetara arrebak odola eman behar zuela esan zidan. Orduan pentsatu nuen: eta nik zergatik ez? Probatu... eta orain arte».

Hain zuzen, bere elkartasuna eskertzeko omenaldia jaso du berriki. Odol emaileen erantzukizuna eta konpromisoa sarituz, ekainaren 26an 208 odol emaile omendu zituen ADONA Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak Iruñeko Baluarten eta tartean zen Lizarraga, 2021ean 50 odol emate egitera ailegatu zelako. Omenaldia «gure konpromisoa errekonozitzeko» modua izan zen bere ustez, «guretzat ere ordu batzuk, erantzukizun bat suposatzen du. Horretaz aparte, bazkari eder bat egiteko aitzakiarik onena», dio.

Kontatu duenez, «odola bakarrik emanez gero, urtean gizonek lau aldiz eta emakumeek hirutan eman dezakete. Aferesia bada, hau da, odola beharrean plasma edota plaketak eman, hilabeteko tartea behar da gutxienez odol emateen artean».

«Ez dakit jendea ohartzen den odola ematearen garrantzia zenbaterainokoa den»

Nafarroan 24.830 odol emate izan ziren 2021ean, aurreko urtean baino % 7,5 gehiago. Eta Lizarragak ere «jende dezente ikusten du odola ematen». Hala ere, «hobe da gainetik ibiltzea azpitik baino», gogoratu du. «Gainera, gaur egun, gazte asko hasi da eta motibatuta mantendu behar ditugu, aspertu eta utzi ez dezaten». Odol emaileen keinua ezinbestekoa delako: «Ez dakit jendea ohartzen den odola ematearen garrantzia zenbaterainokoa den. Ni neroni harritu egin nintzen omenaldian bideo batean erditu berria zen emakume batek konplikazioak izan eta zenbat odol, plasma sartu zioten kontatu zutenean. Hori horrela bazen, eske haundia behar du izan».

Bere hitzetan, «odola ematea laguntzeko beste modu bat da, osasun arazo bat daukan edozein pertsona laguntzea, eta hori haundia da, osasuna nahitaezkoa baita behar duguna aurrera egin ahal izateko». Eta horregatik egin du deia, «zalantza duenari edo inoiz okurritu ez zaionari, ez dela deus kostatzen, ordu erdi batean dena egina dela eta minik ez duela ematen lehendabiziko ziztadaz aparte». Umoretsu gaineratu du «gero pintxo bat eta trago bat ematen dizute. Gehiago behar al da?». Bide batez, «erizainen lan aparta» goraipatu nahi izan du: «Beti lanean, beti alai, beti gure gainean edozer pasatzen bada ere. Horiei ere omenaldia egin behar zaie».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun