Torrearen 28. urteurrena ospatuko dute abuztuaren 5ean eta 6an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 4a, 19:00
28. urteurrena ospatzen ari da Torrea.

Leitzako Torreak 28 urte beteko ditu aurten eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte abuztuaren 5 eta 6rako. «28 urte ateak ireki zituenetik, eta beste horrenbeste urte auzolanean, borrokan, bidean eraldatzen eta noski Herria egiten!».

Ostiralean Occhi di Farfalla taldearen kontzertua izanen dute 19:00etan. Larunbaterako, berriz, egun osoko jardunaldi berezia prestatu dute. 13:00etan Torrean elkartuko dira brindisa egiteko eta Torreari urtebetetzea zoriontzeko. 13:30ean poteo musikatua izanen da Oinutsik taldearekin eta 14:30ean bazkaria izanen da. Menuak zizka-mizkak, salmorejoa, saiheskia parrillan, postrea, kafea eta kopa izanen ditu. Txartelak Torrean bertan eros daitezke abuztuaren 4ra arte, eta aukera begetarianoa izanen da nahi duenarentzat. Bazkalondokoa ere musikatua egonen da Oinutsik taldearen eskutik eta 19:30ean Frikun taldearen kontzertua izanen da. Eguna borobiltzeko, DJ Üzkülüzekin festa izanen dute 00:00etan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, «guztiok egin dugu Torrea egun dena, guztiona da eta elkar gaitezen hori aldarrikatu eta etorkizuneko ametsak zutik segi dezan!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun