Mari Jose Mitxelena

«Ostalaritzan jendea behar da, baina ez gazteek, ez helduek ez dute ostalaritzan lan egin nahi»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 10a, 10:00

Mari Jose Mitxelena Billabona duela hamabost urte hasi zen ostalaritzan.

Mari Jose MITXELENA BILLABONA, Goizuetako zerbitzaria

Hamabost urte daramatza ostalaritzan lanean Mari Jose Mitxelena Billabona goizuetarrak. Gaur egun, asteburuetan aritzen da, «bi ume dauzkat eta astez jai eta asteburuetan lan egitea ezin hobekiago heldu zait. Baina orain dela urte bat eta erdi-bi urtera arte astegunez eta asteburuetan aritzen nintzen».

Hamarkada batez baino gehiagoz bere ogibide izan den sektorean, Mitxelenak «lan baldintzak aldatu direla» ikusi du, eta besteak beste, «lehen diru gehixeago kobratzen zela» aipatu du: «Orain ez da gaizki kobratzen baina lehen gehiago egiten zen». Lanaldiak, ordea, «lehenago bezala» daudelakoan dago: «Gainera, pandemiaren ondoren, jendea ateratzeko gogoz dago. Larunbat arrunt batean, jendea etortzen bazaizu eta kontsumitzen ari bada, etorri direnez, lanean segitzen duzu. Herri ttikietan behintzat ez duzu muga jartzen, ez duzu ordu jakin batean itxi eta martxa egiten. Bezeroak baldin badaude, aprobetxatu egiten duzu».

Ez da urteotan sumatu duen aldaketa bakarra. «Jendearen jarrera ere aldatu» dela uste du goizuetarrak: «Lehen gaztea zen edonork edozein lekutan lan egin nahi izaten zuen, eta ostalaritza lana bilatzeko sektore erraza izaten zen, beti lana izaten zelako. Orain ostalaritzan jendea behar da, baina ez gazteek, ez helduek ez dute ostalaritzan lan egin nahi. Jendeak zortzi ordu lan egin eta etxera joan nahi du».

«Gazteei ‘Ez al zinatekete animatuko udan edo asteburuetan ostalaritzan lan egiteko?’ galdetzen diezu eta ‘Ez, ez, gainera udan? Nik udan parranda’ erantzuten dizute»

Horren atzean «jendearen erosotasuna» ikusten du Mitxelenak: «Ez dugu asteburuetan lanik egin nahi. Jendea ez dago prest asteburua ailegatu eta lagunekin planik egin gabe gelditzeko. Gazteei ‘Ez al zinatekete animatuko udan edo asteburuetan ostalaritzan lan egiteko?’ galdetzen diezu eta ‘Ez, ez, gainera udan? Nik udan parranda’ erantzuten dizute. Poltsikoan ere nabaritzen da baina, gurasoei eskatu eta gurasoek ematen badiete... Hori da kontua, ez dago besterik».   

Mitxelenak gustukoa du ogibidea, baina argi du «gustatu egin behar zaizula. Niri gustatzen zaidalako ez zait hain gogorra egiten. Jendearen bueltan lanean ariz disfrutatu egiten dut, bai mahaiak zerbitzatuz baita barran ere». Onartu du «sakrifikatua izanen dela askorentzat,  asteburuetan lan egin behar delako, edo arratsaldeko txanda baldin baduzu, 16:00etatik 00:00etara, 01:00etara edo 02:00etara ari behar duzulako. Ez da 14:00etatik 22:00etarako lanaldia». Baina gustuko tokian aldaparik ez: «Niri gustatzen zait».

«Jendeak ez du baloratzen ostalaritzako lana»

Hala ere, goizuetarraren hitzetan, «jendeak ez du baloratzen ostalaritzako lana. Bezeroak tabernara etortzen direnean, ez dute pentsatzen ostalariak lan askorekin dabiltzala eta lasai hartuko dutela. Ez, denek dena segidan nahi dute. Eta edaten dutenean lotsagabe bihurtzen dira, komunak eta kristalak txikituak, komunak kakaz eginak… Jendeak ez du errespetatzen. Ni hasi nintzenean horrela zen, eta orain ere hala da. Ez dut uste hori aldatuko denik».

Langile faltaren arazoari buelta emateko, berriz, «denen mentalitatea aldatzearen beharra» nabarmendu du Mitxelenak, «bai langileena, baita nagusiena ere. Nagusiek baldintzak hobetu beharko dituzte, baina hemengo jendeak ere pentsatzeko modua pixka bat aldatu beharko du». Bide horretatik luzatu du gonbidapena: «Ea jende gaztea animatzen den ostalaritzan lanean hasteko. Lana bada eta langileak behar dira. Gainerakoan, tabernak itxiko zaizkigu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun