Aldaregiak eta Mujikak irabazi dute Ados elkartearen sanferminetako pilota txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 6a, 08:00

ANELAren aldeko jaialdian, gaur Iruñeko txupinazoa botako duen Juan Carlos Unzuek jarri zituen txapelak eta berak ere txapela jaso zuen

Labrit pilotalekuak gainezka egin zuen atzo Ados pilota elkarteak antolatutako San Fermin torneoko finalarekin.  Giro ezin hobea izan zuten ELAren alde antolatu zen jaialdi erraldoian. Gainera pilota partidek luxuzko epaileak izan dituzte, Juan Martinez de Irujo eta Ruben Beloki ibili baitziren atzokoan epaile lanetan.

Pilotariek urduri ekin zioten partiduari, tentsio handia nabaria zen eta partiduan hobeto sartu ziren hasieran gorriak. Lehen tantoetan jokoaren ekimena haiena izan zen eta horrek markagailuan aurretik jartzea ahalbidetu zien. Urdinak pixkanaka partiduan sartzen joan ziren eta batez ere defentsa ona erakutsiz partidua berdintzea lortu zuten. Partidu erditik aurrera Ane Mendiburu urduri jartzen hasi zen eta normalean egiten ez dituen akatsak medio urdinek zuloa ireki zuten markagailuan. Hortik aurrera Andrea Aldaregia eta Maite Mujikak uste baino lehen hautsi zuten partidua. 

Atzokoan bereziki Ane Mendiburuk eta Eneritz Arrietak frontoian egon zen jendentzak eragindako tentsio hori kudeatzen lanak izan zituzten eta bere mailatik behera ibili ziren. Andrea Aldaregiak eta Maite Ruiz de Larramendi Mujikak (amaren abizenarekin jokatu du txapelketa) esperientzia gehiago dute horrelako partiduak jokatzen eta atzokoan hori baliatu zuten sanferminetako lehen txapela soineratzeko.  

Txapeldunak txapela behar zuten eta atzokoan une hunkigarria bizi izan zen sari banaketan,  Juan Carlos Unzuek jarri baitzien txapela txapeldunei. Ados Pilotatik ere Iera Agirrek txapeldunek irabazi duten txapel bera jarri zion Juan Carlos Unzueri ere. Amaiera gogoangarria eman zitzaion beraz Ados pilotak lehen aldiz antolatu duen eta Lesakan eta Erratzun ere jaialdiak izan dituen San Fermin txapelketari. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun