Etor Lizarraga

«Ttikitatik gustatu izan zait matematika baina afizioa DBHn sartu zait»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 2a, 08:00
Etor Lizarraga Viguerak matematika eta errepideko txirrindularitza ditu afizio.

Etor LIZARRAGA VIGUERA, Leitzako gaztea.

Amazabal institutuko ikasleak XXXIV. Nafarroako Matematikako Olinpiadak irabazi ditu Lakuntzako Laida Garziandiarekin bikotea osatuz. Estatu mailako olinpiadetan, berriz, taldeka saritua izan da.

Udako opor bete-betean egonen da dagoeneko Etor Lizarraga Viguera (Leitza, 2008), ikasturtea bukatu eta zergatik ez, Aurrera Txirrindularitza Elkarteko maillota soinean, hainbeste gustatzen zaion bizikletarekin errepidean hara eta hona ibiltzeko denbora gehiago izanen du orain. Aurtengo ikasturtea «ongi» bukatu du, DBHko bigarren maila egin berri du eta irakasgai guztiak gainditu dituela kontatu dio TTIPI-TTAPAri. 

Baina hortik aparte, badu kontent egoteko beste motiborik. XXXIV. Nafarroako Matematikako Olinpiadak irabazi ditu. Maiatzaren 7an Iruñean jokatu ziren olinpiadak, eta Nafarroa osoko 56 ikastetxetako 164 ikasleren artean, Lizarraga nagusitu zen, Laida Garziandiarekin bikotea osatuz. Aitortu duenez, «ez nuen espero irabaztea», baina garaipena berea zela jakin zuzenean «oso kontent» jarri zen. 

Nafarroako txapelak beste ate bat ireki dio Amazabal institutuko ikasleari, eta joan den asteburuan estatu mailako matematikako olinpiadetan parte hartu zuen Albaceten (Espainia). Parte hartu bakarrik ez. Taldeka bi talde nagusitu ziren, eta horietako batean zegoen Lizarraga.

Ttikitatik zenbakiak gustuko

Irakasgai zaila izatearen fama du matematikak, eta Lizarragak bere inguruan «batzuei gustatzen zaiela eta beste batzuei batere ez», adierazi du. Berak, berriz, «ttikitatik» maite du: «Nire ama matematikako irakaslea da eta betidanik gustatu izan zait», adierazi du. Baina benetako «afizioa DBHn» hasi zenetik sartu omen zaio, eta bereziki «geometria eta aljebra» ditu gustuko. 

Matematikako zaletasunak matematikarako gaitasuna ekarri dio, edo alderantziz. Kontua da ongi moldatzen zela ikusita egin ziola irakasleak olinpiadetarako gonbidapena: «Ikasturte hasieran matematikako irakasleak olinpiaden berri eman zigun, eta ikasturtean aurrerago ginela, niri eta beste bati joan nahi genuen galdetu zigun. Eta joan egin ginen». Gaineratu duenez,  «aurreko urteetako ariketa batzuk eginez» prestatu ziren eta hala eman zuten izena. 

Esperientzia ona

Aurreneko aldia zuen olinpiadetan, baina «ongi» ikusi zuen bere burua: «Sei ariketa ziren eta bi ordu genituen egiteko. Ariketa bat praktikoa zen. Egurrezko kupula batzuk neurtu behar izan genituen, eta beste guztiak paperean egitekoak izan ziren». Ariketak «nahiko erraz» egin omen zituzten bikotean: «Batzuk pixka bat konplikatuagoak ziren, baina orokorrean, Laida eta biok ongi moldatu ginen eta nahiko erraz egin genituen». Ongi moldatzeaz gain, «oso esperientzia ona» izan zela dio, «jende berria ezagutu genuen eta ongi pasatu genuen».

Ikasketak

Derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasten segitzeko asmoa du Leitzako gazteak; zalantzarik gabe baieztatu du hori. Eta zein bide hartuko duen argitzen hasia da: «Matematikarekin edo zientziekin lotutako zerbait ikastea gustatuko litzaidake». Ama bezala, matematikako irakaslea izateko aukera ere ez du baztertu, «aukera bat izan daitekeela», esan baitu. Badu oraindik pentsatzeko denbora. Bitartean, udan goza dezala. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun