Iñaki Etxeberria Aranaz

«Herriko eta inguruko txokoak ezagutaraztea da nire helburua»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 2a, 09:00

«Goizuteako gaztea (oraindik) eta friki xamarra» da Iñaki Etxeberria Aranaz (1994). «Ingurua eta gauza berriak ezagutzea» du gustuko eta «mendian oinez eta bizikletan ibiltzea, aktualitatea jarraitzea eta irudiarekin zerikusia duen guztia» dira bere zaletasunak. Enpresen administrazio ikasketak egin ditu eta ekonomiako irakaslea da Bigarren Hezkuntzan, baina denbora librea bideogintzari eskaintzen dio.

Ikus-entzunezkoetan murgilduta

«Praktikak egiten nituen lekuan bideo bat egitea egokitu zitzaidan», eta hor hasi zen bere zaletasuna. «Gero, dronea erosi nuen eta irudiak muntatzen autodidakta moduan gauzak ikasiz joan naiz». Bideoak egiten dituen bitartean, «denbora azkar pasatzen dela» dio Etxeberriak, «eta gero emaitza ikusteak satisfazio handia ematen dit». Gainera, jendeak bideoak «asko eskertzen dituela» dio, «eta horrek jarraitzera animatzen nau».

Orduak sartu beharra

Autodidakta izan da Etxeberria, bere kabuz ikasi du bideoak grabatzen eta editatzen. «Egia esan, menperatzen hasteko ordu dezente sartu behar dira ordenagailuaren aurrean». Interneta izan du irakasle; «behartu ahala Youtuben begiratu izan dut gauzak nola egin ditzakedan, egia esan denetarik dago bertan».

«Jendeak bideoak asko eskertzen ditu eta horrek jarraitzera animatzen nau»

Gehien egiten dituen bideoak «dronearekin paisaiak erakusten dituztenak» dira, horiek baititu gustukoenak. «Izan ere, beste perspektiba bat ematen digu droneak». Goizuetako eta inguruko hainbat leku erakutsi ditu txorien ikuspuntutik, dronearen bitartez. «Tramankulu berriak betidanik gustatu izan zaizkit, eta bat erosi nuen probatzeko». 

Erabiltzen ikasi zuenean, «herriko hainbat txoko erakutsi nahi izan nituen bertze perspektiba batetik», hori baita bere helburua «herria eta ingurua grabatzea eta ezagutaraztea». Dronea erabiltzea «nahiko erraza» dela dio Etxeberriak, «pixkanaka hasiz segituan hartzen da trukoa. Irrati kontroleko auto bat gidatzea bezela da, baina hau airean ibiltzen da».

Youtube eralkusleiho

«Noizean behin, norbaitek eskatuta», modu profesionalean aritu da bideoak egiten, «baina ez naiz profesionala». Horren ordez, nahiago du bideoak grabatu, editatu eta bere Youtubeko kanalean (Iñaki Etxeberria) publikatu.

«Erakusleiho ona» dela dio, «nahiko kalitate onean geratzen dira bideoak eta denbora bat pasatuta ere jendeak oraindik ikusten jarraitzen du. Hala ere, Facebook-en automatikoki erreproduzitzen hasten dira eta oihartzun gehiago lortzen da bertan».

Etorkizunera begira, Etxeberriak argi du; «zerbait grabatzeko gogoa edo inspirazioa etortzen zaidanean, grabatu eta bideoak egiten jarraituko dut. Gehiago eginen nituzke, baina denbora librea behar izaten da horretarako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun