Gorriztarango eguna ospatuko dute igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 1a, 10:00

Egun osoko pesta prestatu dute eta, tartean, ohitura bihurtu diren mus eta txintxurrin txapelketak eginen dituzte.

Bueltan da Gorriztarango eguna eta ohi bezala, ekitaldiz beteta berreskuratu dute pesta. Igande honetan, uztailaren 3an, ospatuko dute. 

10:00etako mezaren ondoren, proba konbinatuak jokatuko dituzte aizkolariekin. Beste proba berezi batzuk ere eginen dituzte, baita umeentzako jolasak ere. Proba berezietan nahi duenak parte hartzen ahal izanen du. Antolatzaileek sariak izanen direla aurreratu dute. 

14:ooetan mahaiaren bueltan bilduko dira. Bazkarirako txartelak Maimurren, Astizen eta Txokon izan dituzte salgai eta garagarrilaren 29n bukatzekoa zen erosteko epea. 

Arratsaldean, 17:00etan XXXV. mus txapelketa hasiko da. Bikote bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu. 18:00etan, berriz, dantzaldia izanen da eta 19:30ean aurten XXXVI. edizioa beteko duen txintxurrin txapelketari hasiera emanen diote. 

20:00etan hainbat produktu eta opariren zozketa eginen dute eta sarituek unean bertan aurkeztuko beharko dute txartela. Ondoren txokolatea eskainiko dute eta dantza lehiaketa ere eginen dute. Egun osoan trikitilariak ariko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun