Leitzako Herri Aretoak % 20 ikusle gehiago izan ditu aurtengo denboraldian

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 28a, 11:30

Irailera arte ateak itxi ditu Leitzako Herri Aretoak, eta bigarren denboraldia bukatu berritan, «oso balantze positiboa» egin du Leitzako Udalak. «Iaz baino % 20 ikusle gehiago» izan dituela nabarmendu du, eta aldi berean, «tokiko eragileen eta sortzaileen erabilera handia eta aurtengo kultur programazioaren aniztasuna eta kalitatea» azpimarratu du.

Leitzako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, «2020ko abenduan inauguratu zenetik iazko ekainean aurreneko denboraldia itxi zen arte, 3.000 ikusle erakarri zituen Leitzako Herri Aretoak». Udalak «kopuru handi hori aretoaren berritasunarekin eta pandemiaren ondorioz ekitaldi asko antolatzeko ezintasunarekin» lotu zuen, «ikusle kopuru hori ezohikoa zela sinetsita».

Baina azken denboraldiko datuak hobeak izan dira. 2021eko abendutik aurtengo ekainera arte, 3.600 ikusle baino gehiago izan dira Leitzako Herri Aretoan, iaz aldi berean baino % 20 gehiago. Datu zehatzagoak ere jakinarazi ditu udalak: «ikusleen % 49 eragileek eta tokiko sortzaileek antolatutako ikuskizunetara joan dira, batez ere, kontzertuak, hitzaldiak eta erakusketak; % 39 zinema emanaldietara, % 10 antzezlanetara eta % 9 beste ekitaldi batzuetara, hala nola, parte hartze prozesuetara eta liburuen aurkezpenetara».

Abenduaz geroztik, kultur teknikaria lanean dela eta otsailaz geroztik Nafarroako Antzerkien Sareko kide dela ere oroitarazi du udalak oharrean, baita Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekan parte hartu duela ere: «Ezaugarri horien eraginez, kultur programazioa aberatsagoa eta zabalagoa izan da aurten, bai kopuruari bai diziplina motari dagokionez».

Hori ikusita, «kultur eskaintza hobetzen jarraitzeko apustua» berretsi du udalak, eta «sorkuntza artistikoa sustatzen jarraituko» duela gaineratu du, «eragile sozial eta kulturalei eta herriko artistei espazio garrantzitsua eskainiz». Izan ere, udalak oharrean dioenez, «Leitzako Herri Aretoak izena ez ezik, erabilera ere halakoa izatea nahi du udalak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun