Xabat Illarregi bertsolari leitzarrak irabazi du Aramaioko Kopla Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 21a, 11:30
Xabat Illarregik bigarrenez irabazi du Aramaioko Kopla Txapelketa. Argazkia: bertsoa.eus.

Ostiralean jokatu zen Aramaioko III. Kopla Txapelketaren III. edizioa, eta bigarrenez Xabat Illarregi bertsolari leitzarrak irabazi zuen. 

14 bertsolarik hartu zuten parte eta bi kanporaketa jokatu ziren arratsaldez. Ondoren, zortzi bertsolari sailkatu ziren finalerako, epaimahiak erabakita. Entzuleek hala erabakita,  Xabat Illarregik eta Eli Pagolak jokatu zuten buruz-burukoa eta leitzarrak irabazi zuen bigarrenez jarraian.

Xabat Illarregi ez zen izan eskualdeko ordezkari bakarra, Joanes Illarregi ere aritu baitzen kantuan. Horiekin batera ondorengo bertsolariak ere aritu ziren: Paula Amilburu, Danel Herrarte, Eli Pagola, Maider Arregi, Aitor Tatiegi, Garazi Navarro, Unai Mendiburu, Sarai Robles, Aissa Intxausti, Beñat Iguaran, Maddi Agirre eta Aitor Etxebarriazarraga.

Bertsolari leitzarrak denbora gutxian irabazten duen bigarren saria da, izan ere, maiatzean Azegazte sariketa irabazi zuen Algortan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun