Ainhoa Zabaleta Iribarren

«Kontzertuek pertsona bezala garatzen lagundu didate»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 18a, 08:00

«26 urteko Goizuetako gaztea» da Ainhoa Zabaleta, «animaliak, esku pilota eta musika» gustuko dituena. Duela 13 urte hasi zen Gabezin taldean abesten, eta hainbat plazetako oholtzen gainean ibili da kantari. 

Ttikitatik musikarekin

«Betidanik» gustatu izan zaio musika eta ttikitan Aralar Musika Eskolan solfeoa ikasi zuen. Abestea gustuko du baina pianoa, gitarra eta panderoa jotzen ere ikasi du. 2009an, 13 urte zituela, Gabezin taldean hasi zen kantatzen eta panderoarekin. «Taldea sortua zegoen dagoeneko eta musika eskolak antolatutako topaketa batean ezagutu nituen gaur egun nire taldekideak direnak». 

Geroztik, herriz herri eta plazaz plaza ibili dira jendartea alaitzen. «Esperientzia oso aberasgarria izan da, kontzertuei esker Nafarroako zein Euskal Herriko herri pila bat ezagutu ditut, bertako ohiturak eta kultura, lagun asko egin ditut bidean eta bizipenei esker pertsona bezala garatu naiz. Ez baita festa soilik, ordu eta lan asko daude honen atzetik».

Txarrenari onena ateratzen

Azken bi urteak «oso gogorrak» izan dira erromeria taldeentzat; «gure formatua jai herrikoien menpe dago eta hauek antolatu ezin ziren bitartean ezin izan dugu kontzerturik eman».

Hala ere, «ez gara geldirik egon», orain arte beste taldeen bertsioak jo izan dituzte eta pandemiako bi urte hauek «uzta propioa ereiteko aukera eman digute, abesti propioak sortzeko denbora hartu dugu 14 urteren ondoren. Lehen ez genuen horretarako astirik, beraz, zerbait positiboa atera ahal izan dugu».

Buelta plazetara

Herrietako besten itzulera «arrunt gogotsu» hartu du Zabaletak, «bazen garaia!». Poztasun handiena «herriek ere gogotsu hartu gaituztela ikustea» izan da; «lehenbiziko kontzertutik nabaritu da jendeak festarako eta erromerietarako edo behintzat plaza girorako daukan gogoa». 

Taldea «arrunt eskertua» dago izandako harrerarengatik; «telefonoa sutan daukagu oraindik ere eta pena haundiz ezezkoak ematea tokatu zaigu sekula baino gehiago, data librerik ez dugulako».

Diskoa prestatzen

14 urte eginen ditu aurten Gabezinek, «zeinek esan behar zigun! Gaztetik hasi ginen baina gazte mantentzen gara!» (irriz). Aurten haien lehen diskoa kaleratuko dute, Korapiloak, eta «ekainaren bigarren edo hirugarren astean» argitaratzea aurreikusi dute. «Gure kontzertuen isla izanen da; kalejirak, fandangoak, arin-arina, ska, reggae, rantxerak…».

«Lehenbiziko aldia da horrelako proiektu batean murgiltzen garela eta lan asko dago aurretik eta atzetik. Abestiak dioen bezala, kantu berri bat sortzen zenbat ahalegin, zenbat buruhauste ideien atzetik. Orain inoiz baino zentzu gehiago hartzen diogu kantari kontzertuetan abestean».

Zabaletak ez du etorkizunera begiratzen, «oraina bizi eta disfrutatu nahi dugu eta datorrena datorrela, arrasto ttiki bat uzten badugu jendearen bihotzetan, gu konforme!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun