Udan hasiko dituzte Leitzako eskola eremuko estalpeko lanak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 17a, 19:00

Nahi baino beranduago, baina azkenean eskolako estalpeko lanekin udan hasiko direla iragarri du Mikel Zabaleta Leitzako alkateak. 

Aurreko urtean zintzilik gelditu zen obra. Deialdira aurkeztu zen enpresa bakarrak obran hastear zela atzera egin zuen. Baina alkateak gogoratu duenez «zorionez, EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin adostutako akordioei esker, 2022ko aurrekontuetan Leitzako estalpea berriro ere kontuan hartu zuten». Hala, proiektua gaur egungo errealitatea egokituta —aurrekontua handi dute— 38 metroko luzea eta 20 metroko zabalera izanen duen estalpea eraikiko dute. 

Hezkuntza Departamentuak maiatz hasieran abiatu zuen esleipen prozedura. Bi enpresek aurkeztu zituzten proposamenak eta Berako estalpea egin zuen Cubiertas y Fachadas Larra SL enpresak eraikiko du. 

Obrak osotara 502.905,17 euroko aurrekontua izanen du eta Amazabal institutuaren pareko eremuan eraikiko dute. Nafarroako Gobernuak 422.905,17 euro bideratuko ditu eta Leitzako Udalak 80.000 euro. Bide batez, udalak eskola eremuan hobekuntzak egin nahi ditu: «kirola egiteko elementu berriak jarri eta hainbat oztopo arkitektoniko ezabatu». 

Eskolako leihoak

Zaharkituak gelditu diren Erleta eskolako anpliazioko edo eranskineko 1978ko leihoei ere irtenbidea eman nahi die udalak. 32 leiho eta sarrerako ate nagusia aldatu eta leiho ertzak konponduko ditu. Obra ia 80.000 euro kostako da, eta gobernuak 51.663 euro emanen ditu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun