'Nola ekin lehen sektoreari Mendialdean' jardunaldia larunbat honetan Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 14a, 16:00

Maiatzaren 6an egin zuten Nola ekin lehen sektoreari Mendialdean ekimeneko aurreneko saioa eta horri asteburu honetan emanen diote segida. Proiektu ekologikoei buruzko esperientziak ezagutzeko aukera izanen dute Goldaratzen eta Leitzan. Parte hartzeko aurretik izena eman behar da.

Nekazaritza edota abeltzaintzan hasi nahi dutenei edo eredu ekologikora pasatu nahi dutenei formakuntza eskaintzeko asmoz, maiatzean egin zuten aurreneko saioa. Orduko saioak eredu ekologikoan ari diren inguruko nekazariak eta abeltzainak bildu zituen, eta beraien esperientziak izan zituzten hizpide. Larunbat honetan, ekainaren 18an, aurreko saioko parte hartzaileek hala adostuta, Mendialdeko bi esperientzia ezagutzeko aukera izanen dute. Intia, Cederna Garalur elkartea, Mendialdea Elikadura Mahaia, Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseilua eta Habelarte Mendialdeko Baserritarren Elkartea ari dira elkarlanean.

09:30ean Goldarazko Ekollaondo etxean egin dute hitzordua, eta 11:30ean Leitzako Laura Tolare baratzezainarekin eta abeltzainarekin bilduko dira. Parte hartu nahi dutenek izena lotura honetan edo 948 01 30 58 telefonora deituta eman beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun