Beñat Apezetxea

«Aita erreferentziazko pilotaria izan da niretzako»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 12a, 09:00

Goizuetako pilotari gaztea da Beñat Apezetxea, baina gaztea izanda ere maila ona erakusten ari da pilotalekuan. Maiatzean egindako Zornotzako VII. Master Kaiolan txapeldun izan da jubenil mailan, eta etorkizura begira horrela segitzeko asmoa du

Nola definituko zenuke zeure burua?

Ilusioz betetako Goizuetako gazte bat naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Kirola, motoak, baserria eta parranda.

Zer ikasi nahiko zenuke?

Leitzako ikastetxean batxilergoko lehenengo maila egiten ari naiz eta oraindik ez dakit seguru zer ikasiko dudan, baina kirol mundua asko gustatzen zait.

Noiz eta zergatik hasi zinen pilotarekin?

Goizuetako Pilota Eskolan apuntatu nintzen sei edo zazpi urte nituelarik. Aita pilotaria izana da, eta etxean asko aritu naiz eta berarekin frontoian asko bizitu dut pilota.

Eta txapelketetan lehiatzen?

Bederatzi bat urterekin hasi nintzen txapelketetan parte hartzen.

Zornotzako VII. Master Kaiola irabazi duzu berriki. Espero zenuen?

Zaila ikusten nuen, baina ez da esperantza galdu behar, nahiz eta frontoian bakarrik egon eta lana norberak egin behar duen. Urduri xamarra naiz eta lasaitzen ikasi behar dut.

Zenbatero entrenatzen zara?

Astean bi egunez fisikoa eta beste bi egunez teknika.

Lortu nahi duzun helburu edo ametsik?

Orain Berriobeitin semifinaletan nago, ea finalean sartzen naizen eta irabazteko aukera dudan. Horrez gain, denok izaten dugun ametsa: egunen batean profesional mailan jokatzea.

Erreferentziazko pilotaririk al duzu?

Goizuetarra izanik erreferentzia asko dauzkat: Aimar eta Asier Olaizola, Jon Apezetxea, Iker Salaberria... eta naiz eta ez dudan pilota txapelketetan parte hartzen ikusi, nire aita.

Nolako maila ikusten duzu eskualdeko pilotarien artean?

Inguruko herrietan hainbat mailatan ongi jokatzen duten pilotaria asko daude.

Zure asmoak epe motzera eta luzera?

Epe motzera ikasketekin eta pilotarekin segitzea. Epe luzera, berriz, egunen batean profesional mailan jokatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun