Goiuri Zabaletak Nafarroako Foru Komunitateko lau eta erdiko pilota txapelketa irabazi du

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 6a, 09:00

Goiuri Zabaleta leitzarra txapeldun eta Leire Galeano gipuzkoarra txapeldunorde, lau eta erdiko txapelketan.

1.600 pilotazale bildu ziren igandean Nafarroa Arenan txapelketako azken partidak ikustera

Emakumezkoen pilotak urrats handiak ematen jarraitzen du oraindik egiteko duen bide luzean, eta igandean bere sabaietako bat hautsi zuen berriro, 1.600 zale bildu baitzituen Nafarroa Arenan Nafarroako Foru Komunitateko Torneoko finalak ikusteko. Goiuri Zabaleta leitzarrak, gaztetan lau eta erdiaren barrenean, eta Amaia Aldai-Nora Mendizabalek irabazi zituzten pilota mistoko txapelak, bigarren edizio honetan jarritako helburu guztiak bete dituen txapelketa batean.

Nafarroako Foru komunitateko txapelketetako finalistak, sariak hartu eta gero.

 

Gazteen lau eta erdiko txapelketaren finalean, Leitzako Goiuri Zabaletak lortu zuen txapela, finalean Leire Galeano gipuzkoarra 18-10 mendean hartuta. Pilotari leitzarrak kalitate eta indar handia erakutsi zuen bere pilotakadetan, eta badirudi laster jauzia eman eta eliteko pilotarien artean lehiatzeko moduan izanen dela.

Elite mailan, Amaia Aldaik eta Nora Mendizabalek 22 eta 16 gainditu zituzten Maddi Barrokal eta Itxaso Erasun, aurreko koadroetan borroka handia izan zuen partidan. Azkenenerako, ordea, Amaia Aldai nagusitu zen, Dimako pilotariak tantoak bukatzerako orduan eskarmentu eta erabakitasun handiagoa erakutsi baitzuen.

Hirugarren posturako lehian, Madalen Etxegaraik eta Irati Zabalak erraz menperatu zituzten Leire Oskoz eta Uxue Oses, 18-4.

1.600 pilotazale bildu ziren Nafarroa Arenan finalak ikustera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun