Jon Ander Zabaleta leitzarra, Hodei Lujanbio goizuetarra eta Leire Baraibar aresoarra EH Mendi Erronkako podiumera igo dira

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 6a, 08:00

475 bat lasterkarik parte hartu zuten larunbatean Leitzan hasi eta bukatu zen Euskal Herria Mendi Erronkaren VIII. edizioan. 67 kilometroko proba gogorrean, gizonezkoetan, Ugaitz Artola izan zen bizkorrena, eta berarekin batera, Asier Rajadok eta Jon Ander Zabaleta leitzarrak osatu zuten podiuma. Emakumezkoetan, berriz, Oihane Perezen atzetik, Izaskun Sanz eta Montserrat Vazquez eta Maria Ritcher helmugaratu ziren. Erreleboka Hodei Lujanbio goizuetarra eta Oihana Zubillaga nagusitu ziren, eta Leire Baraibar aresoarra eta Mikel Etxeberria bigarren gelditu ziren. Argazkiak: Eneritz Iraola eta EH Mendi Erronka.

67 kilometroko lasterketa

Artolak zazpi ordu baino gutxiago behar izan zuen 67 kilometroko ibilbidea osatzeko (6 :56:49). Sei minutuko aldea atera zion bigarren helmugaratu zen Rajadori (7 :02:56) eta bigarrenarengandik hiru minutu eskaera ailegatu zen hirugarrena: Jon Ander Zabaleta Telleria leitzarra (7 :05:37). Aurreneko hogei lasterkarien artean eskualdeko gehiago ere izan ziren. Iñaki Telletxea Zaldain elizondoarrak, esaterako, seigarren egin zuen (7.29.49); Daniel Parraga Zubillaga leitzarra 17. izan zen (8.01.22) eta Beñat Saralegi Izagirre leitzarra 21. (8.10.04).

Emakumezkoetan hamalau lasterkarik egin zuten lasterketa luzea. Horietan bizkorrena Perez izan zen (8.18.32). Handik hamar minutu baino gutxiagora ailegatu zen Sanz (8.28.17) eta Vazquez eta Ritcher elkarrekin helmugaratu ziren (9.14.20). 67 kilometroko lasterketan ez zen eskualdeko parte hartzailerik izan.

Ikusi sailkapena osorik.

Erreleboka

43 bikotek osatu zuten erreleboka egin beharreko lasterketa (32,8 km + 34,2 km). Hodei Lujanbio Apezetxea goizuetarra eta Oihana Zubillaga izan ziren podiumaren goiko koskara igo zirenak (6.50.59). Leire Baraibar Garmendia aresoarra eta Mikel Etxeberria (7.03.07) bigarren sailkatu ziren eta Iñigo Uribeetxebarria eta Leire Arrizabalaga hirugarren. Eskualdeko parte hartzaile gehiago ere izan ziren. Itxaro Zabaleta Telleria leitzarrak, adibide, bosgarren egin zuen, Julen Erasorekin batera (7.54.29).

Ikusi sailkapena osorik.

Omenaldia

Lasterketa hasi aurretik aitzindariak izan ziren andereño euskaldunak omendu zituzten. «Euskarari eta euskal irakaskuntzari oztopoz beteriko garai batean egindako ekarpenagatik», Kontxi Beitia Oiarbide pasaitarra, Izaskun Gastesi Zubeldia gorritiarra eta Kontxi Zabaleta Labaien leitzarrari aurreskua dantzatu eta oroigarria eman zieten EH Mendi Erronkako antolatzaileek.

Ikusi helmugako irudiak bideoan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun