Energia berriztagarriak

«Kontsumitzen dugun energiaren zati handi bat guk sor dezakegu»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 4a, 09:00

EBKren talde sustatzaileko kide batzuk –15 dira–. Maiatzaren 6ko aurkezpen jendetsuaz geroztik, gehiagok agertu dute interesa.

Mikel DIOSDADO MIGUELTORENA, Leitzeko Energia Berriztagarrien Komunitateko kidea

Kontsumo arduratsurako bidean eta herritarrek kontsumitzen duten energia gehiena Leitzan bertan ekoizteko asmoz, Leitzeko Energia Berriztagarrien Komunitatea sortu dute.

Kontsumitzaile huts izatetik haratago joan nahi dute Leitzan, herrian dituzten baliabideak aprobetxatuz energia sortzen hasi nahi dute, eta deus baino lehen herritarrak kontsumo arduratsuaren garrantziaz kontzientziatu nahi dituzte. Leitzeko Energia Berriztagarrien Komunitatearekin (EBK) hasi dute bidea. Herritar guztiei irekitako proiektua dela adierazi du Diosdadok eta bazkide egiteko kanpaina zabalik dute. Ekainaren 6an bukatuko da.  

«Gaur egun, gure ongizatea lortzeko daukagun energia menpekotasunarekin» kezkatuta, leitzar talde bat elkartu zarete. Herritarrak jakitun al gara menpekotasuna zenbatekoa den?
Ez, ez baitugu gure kontsumoaren eragina momentuan ingurumenean ikusten. Ez dugu ikusten guk kontsumitzen dugun hori lortzeko zenbat energia kontsumitzen den, ezta energia hori nola lortzen den ere, edo nondik eta nola garraiatzen den ere.

Zein izan da Leitzeko EBK sortzeko abiapuntua?
Udalak urteak daramatza energiaren gaia Goienerrekin elkarlanean lantzen. Herriko kontsumo energetikoen diagnosi batetik abiatuta energia plan bat egin zuen eta hor zehaztutako helburuak lortu berri dituenez, sorkuntzarako saltoa egiteko pentsamenduarekin zebilen. EBKren ideiatik abiatuta, udalak bideari bakarrik ekin beharrean herritarren eskutik egitea erabaki du.

«Ahalik eta burujabetza energetikorik handiena lortu nahi dugu»

Zein helbururekin sortu duzue?
Leitzako herritarrak, ahal den neurrian, kontsumo arduratsu batean murgiltzea, eta bertan kontsumitzen dugun energia gehiena Leitzan ekoitzia izatea dira helburuak. Ahalik eta burujabetza energetikorik handiena lortu nahi dugu.

Zein onura ekarriko ditu? 
Lehenik eta behin, oinarrizko baliabidea den energiaren inguruan herritarrak sentsibilizatu eta ahaldunduko ditu. EBK energiari lotutako edozein esparru lantzeko tresna izatea nahi dugu: kontsumo elektrikoa, loteen kudeaketa kolektiboa, partekatutako kotxeak eta abar eta abar. Aldi berean, herria eta herritarrak burujabetza energetikotik hurbil egonen dira, leitzarrok kontsumitzen dugun energiaren zati handi bat Leitzan sortua izanen baita. Horren ondorioz, ez gara enpresa handiek igotzen dizkiguten prezioen menpe egonen.

Halako komunitate ugari sortzen ari dira azken urteotan Euskal Herrian eta kanpoan. Baduzue ereduren bat oinarritzat hartua?
Goiener bidelagun dugunez, badugu parte hartzen ari den herrietako prozesuen berri. Horrek gauzak asko errazten dizkigu. Hala nola, Hernanin  abiatu berri duten EBKren adibidea daukagu. Hala ere, izena emanen duten herritarrek,  enpresek, elkarteek eta entitateek erabakiko dute nolako EBK izanen den.

Argindarraren prezioa maximo historikoetan dagoenean hasi zarete ideia garatzen…
Nahiz eta herritarrei maiatzean aurkeztu diegun proposamena, aurreko udan hasi ginen ideia lantzen. Baina, dirudienez, sekula baino momentu egokiagoan abiatuko dugu Leitzeko EBK.

Kooperatiba bat duzue begiz joa... 
Proiektua juridikoki gorpuztu beharra dago eta, horretarako, legeak bi aukera ematen ditu: elkarte bat edo kooperatiba bat sortzea. Beste hainbat tokitan bezala, adibidez Hernanin, guk ere kooperatiba hautatu dugu, batetik, EBKk jarduera ekonomikoa izanen duelako, eta bestetik, izanen dituen partaideen figurak jasotzeko egokiagoa delako. Kooperatiba hau irabazi asmorik gabekoa izanen da eta, hortaz, lortu ahalko diren irabaziak beste proiektu batzuk egiteko edo sortutakoak hobetzeko bideratu daitezke. Horrek ere alde handia markatzen du, izan ere, gure etxeetan kontratatuta ditugun enpresa gehienek etekinak bilatzea dute helburu nagusi eta ia bakarra. Kasu honetan, gauzak ongi eginez gero, proiektua etengabe berrindartu daiteke etorkizunean.

Zein izanen litzateke kooperatibaren funtzionamendua?
Kooperatiba integrala sortzea da asmoa, jarduera eta hainbat bazkide mota teilatu beraren azpian jaso ahal izateko. Bazkide bakoitzak boto bat izanen luke batzarrean, eta erabaki nagusiak denon artean eztabaidatu eta adostu beharko genituzke. Gainera, bazkide izateko egin beharreko ekarpena ahalik eta ttikiena izatea nahi dugu, inongo kasutan arrazoi ekonomikoa proiektu honen parte izateko oztopoa izan ez dadin. Hernani aipatu dut lehen, eta kasu horretan, hamar euroko sarrera ezarri dute. Beraz, kooperatibaren funtzionamendua demokratikoa, soziala, irekia eta gure komunitatearen aniztasuna barne hartuko duena izatea nahi dugu.

Maiatzaren 6ko aurkezpenean hartutako irudia.

Aurkezpenean (ikusi bideoa), besteak beste, aurreneko pausoa kontzientzia hartzea dela eta gero energia sortzeko gure inguruak sortzen dizkigun baliabideak aprobetxatzea dela aipatu zenuten. Zuen ustez, ez da aukera bat, behar bat baizik... 
Larrialdi klimatikoan gaude, gure bizi kontsumoa ez dator bat ama lurrak eskaintzen dizkigun baliabideekin. Gure kontsumo eredua aldatzen ez badugu, gure ondorengoei utziko dieguna ez da guk ezagutu duguna bezalakoa izanen. Eta beste alde batetik, jendea pobrezia energetikotik ateratzeko, enpresa handien energiaren espekulaziotik at egoteko beharra gero eta handiagoa da.

«Ekainaren 6an apuntatuko da izena emateko epea»

Proiektuan parte hartzeko izen ematea zabalik da. Nola doa? 
Maiatzaren 30ean 130 bat lagun ginen apuntatuak, eta ekainaren 6a baino lehen gehiago apuntatzea espero dugu. Edonor apunta daiteke, herritarrak, elkarteak, enpresak, tabernak, komertzio ttikiak … Horretarako esku orriak Maimur eta Astiz liburu dendetan eta udaletxean jarriak dauzkagu. www.leitzekoebk.eus atarian ere eman daiteke izena. Webgunean informazio gehiago ere bada.

Aurreneko proiektua ere esku artean duzue: Kiroldegian eguzki panel fotovoltaikoen instalazio kolektiboa. Azalduko zenuke?
Proiektua, labur azalduta, kiroldegiaren teilatuan panel fotovoltaikoak jartzean datza, animatzen garen herritarron kontsumoaren zati bat eguzki orduetan sortzeko gai izanen dena.Sortutako energia sarera joanen da kontagailu orokor batetik pasa ondoren. Kooperatibako kide bakoitzak bere kontsumoaren araberako banaketa koefiziente izanen du eta  eguzki panelek  sortzen duten bitartean energiaren zati bat kontsumitu ahalko du. Hornitzaileak bakoitzari dagokion energia kopurua fakturan deskontatuko dio eta bere portzentajea osotara ez badu kontsumitzen konpentsazio bat jasoko du. Kooperatibista bakoitzak aukeratuko du zein hornitzaile izanen duen, batzuek Iberdrola edukiko dute, besteek Goiener... Eta etxebizitzetan ez da inolako moldaketarik egin beharko.

Panel fotovoltaikoen proiektuaz gain, Leitzak zein aukera izan ditzake energia sortzeko?
Eguzkiak sor dezakeen energiarekin hasi gara, hori baita proiektua azkar martxan jartzeko aukera gehien ematen duena. Baina herriko basoen biomasarako aukerak eta urak eta haizeak eman ditzakeenak buruan ditugu. Hortaz aparte, badugu nahiko lan eguneroko kontsumo ohiturak aldatzen eta gutxiago kutsatzen ikasten.

«Gutxiago kontsumitzea ez dago lotua bizi kalitatea galtzearekin»

Herri oso bat hornitzeko komunitateak sor daitezkeela uste duzu?
Herri bakoitzak hainbat baliabide dauzka bere lurren barruan. Gu, gurean dauzkagun baliabideekin, ahalik eta gehiena lortzen saiatuko gara. Betiere kontziente izan behar dugu arduratsu kontsumitu behar dugula, eta badugula denok zer ikasia. Izan ere, gutxiago kontsumitzea ez dago lotua bizi kalitatea galtzearekin.

Kooperatiba, kiroldegiko proiektua… Zenbateko inbertsioa egin beharko da? 
Lehenbiziko, kooperatiban eta eguzki panelen proiektuan parte hartzeko zenbat gauden prest jakin behar dugu. Proiektua animatzen direnen kontsumora egokituko da eta orduan jakinen dugu zenbateko kostua izanen duen, dirulaguntzaren bat edukitzeko aukerak edukiko ditugun eta nola finantzatuko dugun. Egitasmoa % 100 zehazten ez den bitartean, izena ematen duenak ez du inongo konpromisorik hartuko.

Nola izanen da bazkidetza?
Hori bazkide izanen garen guztion artean erabakiko dugu. Argi dugun bakarra da herritar guztiek parte hartzeko eskubide bera izanen dutela.

Zein mezu luzatuko zenieke leitzarrei? Eta irakurleei?
Herritarrei animatzeko mezua luzatuko nieke, elkarrekin energia berriztagarria sortzeko aukera dugula, gure energia kontsumoaren zati handi bat guk sortua izateko aukera dugula. Irakurleak, berriz, beraien herrietan energia berriztagarrien komunitateak sortzera animatuko nituzke. Lehenago edo beranduago eginen den zerbait izanda, hobe lehenbailehen herri bakoitzak kontsumitzen duenaren energia gehiena bertan sortutakoa izatea eta talde-lanean izanda errazagoa eta jasangarriagoa izanen da denontzat. Beste herrietan animatzen badira, Leitzeko EBKkoak prest gaude ikasten ari garena beraiekin partekatzeko.

«Tokian tokikoa eta gutxiago kontsumitzen hasi behar dugula barneratu behar dugu»

Zerbait gaineratuko zenuke?
Lehen aipatutakoaren bidetik, orokorrean tokian tokikoa eta gutxiago kontsumitzen hasi behar dugula barneratu behar dugu, egungo bizi ereduak sortzen dituen behar energetikoak jasangaitzak baitira. Energiarik garbiena, kontsumitzen ez dena da. Bide hau egiteko ezinbestekoa izanen da LeitzEKO kontsumo taldea, Kaxkabeltza eta beste eragileekin saretzea eta elkarlanean aritzea. Gaur egun, guk eman ditzakegun pauso ttikiekin gauza handiak lortzeko gai izanen gara, eta denontzat merkeagoa izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun