Señora Sariketako finala larunbat honetan izanen da Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 31a, 07:00

Sarai Robles eta Ane Labaka Laudioko saioan kantari.

17:00etan hasiko da sariketa Herri Aretoan baina egun osoko pesta antolatu dute

Larunbat honetan, ekainaren 4an, jantziko dute II. Señora Sariketako pamela Herri Aretoan. 17:00etatik aurrera sei bertsolari ariko dira: Aner Euzkitze, Sarai Robles Vitas, Ane Labaka Mayoz, Amaia Iturriotz Etxaniz eta ohorezko bi señora gonbidatuak: Erika Lagoma Pombar lesakarra eta Uxue Fernandez Lasa. Maria Oses eta Olatz Zuazubiskar ariko dira aurkezle lanetan, eta Kataluniako glosadoreak ere gonbidatu dituzte. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude.

Finala ez da, ordea, eguneko hitzordu bakarra izanen. Egun osoko pesta antolatu baitute antolatzaileek eta Sastrakak eta Lañaidek herriko talde feministek, tartean, Garazi Zabaleta herritarrak. Kontatu duenez, «eguerdian bertso sorta feministak kantatzeko aitzakiarekin, bermut-bira eginen da herrian. Segidan, paella-jana gaztetxean; 17:00etan sariketa Herri Aretoan eta iluntzean, gurdi-musikatuarekin poteoa; gauean, bukatzeko, señora pesta izanen da gaztetxean DJ Txillardegi eta Lilith Selektahrekin».

Bigarren edizioa

Iaz egin zuten sariketaren aurreneko edizioa, bertso plaza berriak sortu eta emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko asmoz. Hainbat bertsolarik eta bertsozale feministek, tokiko eragileen eta mugimendu feministako kideekin, antolatu zuten eta aurten eman diote segida.

Finalaren atarian bi saio egin dituzte, Hendaian eta Laudion, eta Danele Sarriugarte antolatzailearen hitzetan «oso erantzun ona» izan dute: «Bi saioetan jendea oso gogotsu ikusi dugu, bertsolariak umore handiz aritu dira eta bertsoaldi oso politak aditu ditugu». Eta sinetsita dago Leitzakoa ere hala izanen dela: «Bertsolaritzarekin lotura ttikia edo handia izan, oso giro polita sortzen da, kontu interesgarriak aditzen dira, irri egiten da... Anima zaitezte, egun ederra izanen da». Eta Zabaletak «Euskal Herri mailako bertso ekimen feminista honek herria kutsatzeko aukera ederra sor dezakeela» gaineratu du.

Leitzarrari «ederra» iruditzen zaio horrelako ekimenak antolatzea, hau da, «betiko bertsolaritza zirkuituetatik apartekoak» egitea. «Garrantzitsua da, ez bakarrik emakume bertsolariak eta gizonezkoak ez bestelako identitateak dituztenak lehen lerrora ekartzen dituelako, baita gai forma eta ikuspegi aldetik bestelako bersogintza bultzatzen duelako ere. Eta hori guztia, umoretik eta elkarlanetik». Hala, «feminismoa bertsozaletzeko eta bertsolaritza feministago egiteko bere aletxoa» jartzen duelakoan dago. Sarriugartek, berriz, «kultura, sorkuntza eta feminismoa elkartzen diren bidegurutze oparoan, sariketak ekarpen handia egiten duela» dio eta «feminismoa eta bertsolaritza mugimenduan mantentzeko bitarteko eraginkorra» iruditzen zaio.

«Gora señorak!»

Sariketaren izena bera hizpide izan du Zabaletak: Señora. «Erdi umoretik jarria dela esanen nuke, eta horrek ere badio zerbait sariketaren izaeraz. Antolatzaleei nonbait entzun diet garagardo artean sortutako ekimena dela, eta izena ere hortik atera izanen da, segur aski. Dena den, señora izaera aldarrikatzeko modu bat ere bada, urteetan hitz horrek ez duelako konnotazio oso ona izan zenbait girotan, eta nolabait, feminismotik horri buelta emateko eta hitza berriz gure egiteko intentzioa ere badagoela uste dut. Beraz... gora señorak!».

Feminismoaren begietatik bertsolaritzaz ere aritu da. «Aldatu» dela dio, besteak beste, «txapelketetara emakume bertsolari gehiago animatzen delako, finaletara eta plazetara geroz eta gehiago iristen direlako, feminismoaren gaiak geroz eta presenteago daudelako, publikoa geroz eta anitzagoa delako...». Areago, «beste esparru askotan egin ez den lanketa egin da bertsolaritzan, hori bultzatu duten feministei esker. Baina oraindik asko dago egiteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun