Jexux Mari Irazuk irabazi du Leitzako Mingañe Saltsan bertso afari sariketa

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 30a, 14:00

Jexux Mari Irazuk (erdian) Leitzeko pestetako bertso saioan kantatzeko eskubidea irabazi du sariketa irabazita.

Ostiralean jokatuko zen Leitzako Torrea tabernan Mingañe Saltsan bertso afariko lehiaketako finala. Iban Urdangarin, Jone Uria, Oihana Bartra, Josu Sanjurjo, Eneko Lazkoz eta Jexux Mari Irazu aritu ziren kantuan, eta azken honek irabazi zuen. 60 lagunetik gora elkartu ziren bertsolarien jarduna entzutera. 

Mikel Azpiroz Txotxa gai jartzaile zutela, saio polita osatu zuten sei finalistek. Ia bi ordu eta erdiko saioaren ondoren, epaileek hala erabakita Jexux Mari Irazuk eskuratu zuen lehen postua. Sari gisa Leitzako pestetako blusa eta pestetako bertso saioan parte hartzeko gonbidapena eskuratu zituen Irazuk.

Sariketa izan arren,antolatzaileek ohiko saio baten itxura eman nahi izan zioten sariketari. Plazan ohikoak diren lanak izan zituzten bertsolariek, besteren artean: gai orokorra,ondokoari kantatu eta erantzutea, punttukako ofizioa... Bakarkako lanik ere ez zuten izan. 

Saioak bi fase izan zituen. Lehen fasean sei bertsolarik hartu zuten parte. Bertan punturik gehien lortu zuten bi bertsolariek, Jexux Mari Irazuk eta Jone Uriak, bigarren fasea jokatu zuten. Irazu, 4 puntu aintzinetik zela sailkatu ziren bi bertsolariak azken fase honetara eta buruz burukoaren ondotik ere 4 puntutakoa izan zen larrauldarraren aldeko errenta.

Joseba Andoni Beltzak, Julen Zelaietak eta Joanes Ilarregik izan zuten bertsolarien lana baloratzeko ardura. 

Lehenengoz antolatu du Leitzako Atekaberts bertso eskolak Mingañe Saltsan sariketa. Afari bueltako hiru saio eta finala izan ditu sariketak, eta saio guztietan giro ederra izan dute.

Finalean kantatu duten sei bertsolariez gain, ondorengo beste bertsolari hauek hartu dute parte Uitzin, Berastegin eta Aranon jokatutako finalerdietan: Paule Loizaga, Iñigo Gorostarzu Etxorde, Xabier Legarreta Arano, Ander Fuentes Itturri, Maddi Ane Txoperena, Asier Azpiroz, Sarai Robles, Beñat Iguaran, Ane Zuazubiskar,  Joanes Illarregi,  Ekhiñe Zapiain eta Eneritz Artetxe. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun