Asteazkenean, ekainaren 1ean, Itziar Azpirozen eta Koke Ardaizen Naturaren leihoak erakusketak ateak irekiko ditu Herri Aretoan. Igandera bitarte, astegunez 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean eta igandean 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara ikusgai izanen da.
Horrez gain, asteazkenean, Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako arduradunak eta Floren Aioz Iratzar fundazioko zuzendariak Nafartasuna Europako burujabetza aro berrian hitzaldia emanen dute, 19:00etan Aurrera elkartean. Nafarroa Berriz Altxak antolatu du, Amaiuraldiaren baitan, eta adierazi dutenez, «Amaiurko gertaeratik 500 urtera, Europan sor daiteken erabakitze eskubidearen eta herrien burujabetzaren aldeko aldarriak, Nafarroan eta Euskal Herrian izan ditzaken ondorioak aztertuko dira. Bestetik, berriz, azken hamarkadan izandako nafartasunaren bilakaeran ere mintzatuko gara».
Bestalde, larunbatean Leitzaketa txapelketa azkarra egitekoa zen plazan, baina antolatzaileek bertan behera utzi behar izan zuten bost lagun baino ez zirelako apuntatu.