Haritz AZPIROTZ

«Robotikak asko emateaz gain taldean lan egiten erakutsi dit»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 22a, 08:00

Haritz Azpirotz Erbiti leitzarra Houstonen, bi sariak eskuetan dituela, etxera bueltan.

Haritz Azpirotz Erbiti, First Lego Leaguen munduko txapeldun

Munduko First Lego League Txapelketa irabazi du 16 urteko leitzarrak Legotronic Beavers taldearekin. Urteak daramatza lego piezak oinarri hartuta robotak eta proiektuak garatzen.

Robotika eta lego ditu afizio Haritz Azpirotz Erbiti gazteak (Leitza, 2006), eta bi zaletasunak uztartzeko bidea aspaldi bilatu zuen. Zortzi urte zituenetik dabil lego piezekin robotak eraikitzen, mundu errealeko erronkei aurre egiteko proiektuak garatzen. Afizio horrek urruti eraman du Leitzako Amazabal institutuko DBH 4ko ikaslea. Nafarroako eta estatu mailako txapelketak irabazita, berriki Munduko First Lego League (FLL) robotika txapelketa ere irabazi du Houstonen (AEB) Legotronic Beavers taldearekin. Haurren eta gazteen artean zientziaren eta teknologiaren inguruko interesa sustatzea duen nazioarteko hezkuntza programa da First Lego League, eta aurten 107 talderen artean, Azpirotzen taldea izan da nagusi. Adinagatik, heldu den urtean parte hartuko du azken aldiz.  

First Lego Leagueren Nafarroako, Espainiako eta munduko txapelketak irabazi dituzu Legotronic Beavers taldearekin. Nolako balorazioa eginen zenuke? 
Esperientzia bikaina izan da. Azken hilabete hauetan lan asko egin dugu lortu duguna egin ahal izateko, eta aurretik ere buru-belarri ibili gara ahalik eta emaitzarik hoberenak lortu ahal izateko.

Houstonen jokatu zen mundu mailako txapelketa. Nolako esperientzia izan zen? 
Mundu mailako txapelketa izugarria izan zen, oso esperientzia ona. Momentu hartan, taldeko inor ez ginen irabazle izanen ginen edo ez pentsatzen ari, egin behar genuenean genuen burua, ahalik eta emaitzarik hoberena lortzeko. Egia esan, ez nuen irabazle izatea espero eta irabazleak ginela jakitean poz haundia sentitu nuen. Ezin nuen sinetsi. Lan haundia dago emaitza horren atzean.  

Legotronic Beavers taldea, Houstonen, txapelketa irabazi ondoren. Eskuinetik hasi eta hirugarrena da leitzarra.

Ez da First Lego League txapelketan parte hartu duzun lehenbiziko aldia..
Ez, ez. Zortzi urterekin sartu nintzen FLL munduan eta guztira zortzi denboralditan parte hartu dut eta hainbat txapelketatan izan naiz. 2007an Europa mailan sari bat jaso genuen eta 2019an mundu mailako bi sari: robotaren diseinuarena eta robotaren portaerarena. Aurreko bi urteetan ere mundu mailako txapelketara sailkatu ginen, baina Covid-19a tarteko ez ziren egin. Aurten Espainiakoa irabazi eta gero, mundu mailakora sailkatu ginen eta sari berezia izan zen bertan parte hartzea.  Munduko txapelketan ikusgarria izaten da hainbat lekutako beste taldeek erronkak nola garatzen eta zein proiektu aurkezten dituzten ikustea. Txapelketetan zure lana aurkezteaz gain, besteena ikusten duzu eta hori partekatzea oso interesgarria da.   

«Nire aurreneko legoa lau urterekin izan nuen, baina robotika munduan zortzi urterekin sartu nintzen»

Nondik datorkizu afizioa? 
Nire aurreneko legoa lau urterekin izan nuen, baina robotika munduan zortzi urterekin sartu nintzen. FFLko txapelketetan parte hartzen, berriz, hamar urterekin hasi nintzen. 

Gai jakin bati buruzko benetako erronkak planteatzen dituzte First Lego League txapelketan. Azalduko zenuke? 
Bai, hala da. Urtero erronka desberdina proposatzen dute, eta talde bakoitzak irtenbide bat garatu eta aurkeztu behar  izaten du. Egin ditudan proiektu guztiak hutsetik hasi ditugu, eta erronka aurkezten dutenean hasi izan gara garatzen. Berrikuntza proiektuak izaten dira: urteko erronkari irtenbidea ematen dion ideia berri bat garatu behar da, eta gero epaile batzuen aurrean aurkeztu eta defendatu behar da. Beste aldetik, robotaren erronka dago. Proposatutako hainbat proba eginen dituen robot bat diseinatu eta eraiki behar da, eta hori ere epaileei aurkeztu behar zaie. Ondoren, bere portaera zuzenean bi minutu eta erdiko denboran ikusten da, hau da, ahalik eta proba gehien egin behar dira denbora horretan.

Epaimahaiaren aurrean aurkezteko momentua urduritasun haundikoa izaten da? 
Bai. Denbora asko pasatzen dugu aurkezpena eta lana prestatzen, eta dena ongi ateratzea nahi izaten duzu. Hala ere, horrenbesteko lana egin eta gero, konfiantza osoa nuen gure proiektuarengan, eta lasai egin genuen.

Zein izan da aurtengo erronka eta zuen aurtengo proiektua? 
Aurtengo erronka garraioari eta horrekin lotutako faktore guztiei buruzkoa izan da. Guk kartoizko kaxei alternatiba bat bilatu nahi genien, horiek guztiz ezabatuz. Horrela, polipropilenozko kaxa berrerabilgarri bat sortu dugu, betegarri puzgarriekin eta tolesgarria, kartoiaren kontsumoa hutsera jaitsiz.

Azpirotz bere etxean, robotarekin lanean.

Zein dira halako proiektu bat garatzeko pausoak? 
Aurreneko arazoa identifikatu behar da, eta ondoren, arazo horrentzat hainbat konponbide aurkitu. Gero ideia horietako bat aukeratu eta garatu behar da. Proiektua garatzeko lehenik eta behin prototipo txikiak eraiki behar dira, nahi bezala, funtzionatzen duen ikusteko, eta hortik aurrera ideia garatzen joaten gara, azken emaitzara ailegatu arte.

«Kontzentrazioa eta lasaitasuna beharrezkoak dira»

Zein trebetasun behar dira horrelako txapelketa batean parte hartzeko? 
Lan gogorra egiteko prest egotea beharrezkoa da, baita txapelketa egunetan kontzentrazio haundia izatea eta lasai egotea ere, dena ongi atera dadin.

Talde ttikietan lan egiten duzue. Zuen taldea MTorres fundazioko Legotronic Beavers taldea da. Aurkeztuko zenuke? 
Taldean 14 eta 16 urte bitarteko sei mutil eta bi entrenatzaile gara. MTorres fundazioak taldekide izateko proposamena egin zidan eta dudarik izan  gabe onartu nuen. Hasierako urteetan gazteena ni nintzen, eta orain, aldiz, hasierako lagunak falta dira.

«Astean gutxi gorabehera hamabi orduz aritzen gara»

Halako txapelketek prestaketa eskatuko dute. Nolako entrenamenduak egiten dituzue? 
Entrenamenduak larunbat eta igandetan izaten ditugu, astean gutxi gorabehera hamabi orduz aritzen gara. Urte osoan robota eta proiektua prestatzen ditugu eta txapelketa ailegatzear denean, aurkezpenak prestatzen ditugu. 

Etorkizun hurbilean eta epe luzera begira zein asmo dituzu? 
Hurrengo urtean ere parte hartzeko asmoa dut, baina azkena izanen da, adinagatik ezin baitut gehiago taldekide izan. Baina entrenatzaile izateko aukera baldin badut, gustura jarraituko nuke taldean. Epe luzera MTorres fundazioan lan egitea gustatuko litzaidake.

Eta ikasketekin aurrera egiteko asmoa duzu? 
Ingeniaritza egitea gustatuko litzaidake, zehazki, robotika. Garbi dago zergatik hartu dudan erabakia, robotikaren mundua asko gustatzen zait.

Zer ikasi duzu robotikaren munduan zabiltzanetik? 
Robotikak arlo honi buruz asko erakusteaz gain, talde lanean aritzen erakutsi dit. Bestalde, urtero erronka berri bat prestatu behar denez, horrek ere asko ikasteko bidea eman dit. Gaurkotasuneko gaiak izaten dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun