Buruz buruko promozio txapelketako finala jokatuko du Iker Salaberria goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 19a, 17:00
Iker Salaberria eta Jon Alberdi, asteazkenean Labriten, finalerako pilotak aukeratu ondotik.

Jon Alberdi azpeitiarra izanen du arerio larunbatean Labriten

Iker Salaberria Orbegozo goizuetarrak, 22 urterekin, profesionaletako bere ibilbideko lehen finala jokatuko du maiatzaren 21ean, larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jon Alberdi azpeitiarra izanen du arerio. Asteazken arratsaldean bereizi zituzten finalerako pilotak.

Iker Salaberriak gogoratu duenez, «zazpi-zortzi urte nituela jokatu nuen lehen aldiz Labrit pilotalekuan eta irabazi egin nuen. Ordutik askotan aritu naiz, ongi ezagutzen dut eta espero dut larunbatean ere irabaztea». Ligaxkan elkarren kontra jokatutako partida Alberdik irabazi zuen, goizuetarra 15-9 aurretik joan ondotik. «Niretzat Zumaiako pilotalekua baino egokiagoa da Labrit, baina, zintzoki, bera dela faborito uste dut. Hori bai, ni gerra emateko prest nago». Lehendik, promozio mailako bi finalerditara ailegatu da Salaberria, iaz Peio Etxeberriaren kontra galdu zuen eta duela bi urte Arteagaren kontra. Binaka ere bi finalerdi galdu ditu. Buruz buruko modalitatea bere gogokoena ez dela onartu arren, «gustura nago, finala jokatzeko aukera ailegatu zait eta aprobetxatu nahi dut», dio goizuetarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun