Jon Maiaren 'Kantu bat gara' ikuskizunerako sarrerak salgai jarri dituzte Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 17a, 15:00

Euskal Herriko hainbat txokotan ari dira estreinatzen Kantu bat gara ikuskizuna, eta han eta hemen, arrakasta haundia izaten ari da Jon Maiaren emanaldia. Igande honetan, maiatzaren 22an, Leitzan estreinatuko dute eta dagoeneko sarrerak saltzen ari dira. Ikuskizuna 19:00etan Leitzako Herri Aretoan izanen da.

30 urte dira Jon Maia bertsolariak bere aurreneko kantak idatzi zituenetik, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Ordutik Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu gorriak, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken Zazpi... Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan gelditu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo eta abar…

30 urteko letragile ibilbide oparoa ospatzeko, Maiak bisita eginen du Leitzara bere hainbat kanta ezagunen bertsioak Leitzako Herri Aretoan aurkezteko, Pello Ramirez, Gorka Hermosa eta Nacho Soto musikariekin batera.

Sarrerak online eros daitezke, 12 eurotan. Lotura horretan sartuta besaulkia aukeratzen ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun