Larunbatean izanen da Goizutrail mendi lasterketa Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 17a, 09:00
Goizutrail lasterketako parte hartzaileak 2018an egindako lasterketan.

Lasterketaren zazpigarren edizioa izango da, larunbatean, maiatzaren 21ean egingo dutena. 

Aurreko urteetan bezala, kirolariek hiru modalitate izanen dituzte aukeran: luzea 25 kilometrokoa; motza hamar kilometrokoa eta erreleboka egitekoa. Azken kasu honetan, lehenengo parte hartzaileak hamar kilometro egin beharko ditu, eta bigarrenak hamabost. 

Plazan hasiko da lasterketa, Aitasemegi auzora igoko dira korrikalariak xenda estu batetik. Lau kilometrotan xenda eta pistetatik 680 metrotara dagoen Eneko Elorriko bizkarrera igoko dira, eta hemendik herrira jaitsiko dira Espideko sorotik.

Hamar kilometroko ibilbide motza egin behar dutenek herrian bukatuko dituzte lanak eta bikotekako proba eginen dutenek plazara jaitsitakoan bikotekideari pasako diote erreleboa hurrengo zatia egiteko. Hemendik Mandoegiko gailurrera (1.045m) igo beharko dute. Ondoren Mandoegiko gailurrean jarraituko du ibilbideak eta bukatzeko plazara jaitsiko dira.

Ibilbidea behar bezala markatua egongo da eta bertan edateko eta jateko puntuak izango dira. Parte hartzaile guztiek istripu aseguru bat izango dute.

Izen ematea

Izen-ematea zabalik dago www.herrikrosa.eus atariaren bidez egin daiteke. 

25 kilometroko ibilbidea egiteko 20 euro ordaindu beharko dira; hamar kilometrokoa egiteko 15; eta bikoteka parte hartzeko 30 euro. Goizuetarrek deskontua izanen dute, gainera. 25 kilometroko proba egiteko 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta 10 kilometrokoa egitekoa, aldiz, 10 euro. 

Dortsalak herriko plazan hartu beharko dira lasterketa egunean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun