Nafarroako Foru Komunitatea Txapelketak bere bertute guztiak erakutsi zituen Arbizun

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 10a, 16:00

Senior mailan pilota goxoarekin txapelketatik kanpo gelditu dira Maria Eskudero eta Irati Arozena goizuetarrak

Nafarroako Foru Komunitatea emakumezkoen pilota txapelketak bere bertute guztiak erakutsi zituen larunbatean Arbizuko jardunaldi luzean. Bertan, pilotari euskaldunez gain, kataluniarrak, Zaragozakoak, errioxarrak eta frantsesak ere aritu ziren, kantxan lehiatuz eta handik kanpo esperientziak partekatuz.

Publikoaren artean ere modalitatearen iraganeko, oraingo eta etorkizuneko eragile garrantzitsuak ikusi ahal izan ditugu. Esate baterako, frontoiko harmailetan izan ziren Reyes Azkoitia pilotari eta pilotazale beteranoa, Carlota Albas, Aragoiko Pilota Federazioko presidentea, Ruben Arribas, Bartzelonako Nafarren Etxeko Pilota Klubeko arduraduna, Marian Gainzarain, Euskadiko Federazioko emakumezkoen pilota arduraduna, Francisco Javier Razkin, Arbizuko alkatea eta lesio larri batetik osatzen ari den etorkizun handiko Laia Salsamendi pilotari gaztea.

Jaialdiak merezi zuen. Goizean, lauko kanporaketa jokatu zituzten, 12 partida, pilota goxoko hastapenekoak, eta horietatik Natale Aranburu-Uxue Gómez eta Leire Arribas-María Isabel García kataluniarrak sailkatu ziren finalerdietarako.

Arratsaldean pilota goxoko senior mailako beste lauko kanporaketa bat jokatu zuten, eta Ainhoa Iñiguez-Maite Martínez eta Naroa Iturain-Rocio Noguerol bikoteek egin zuten aurrera. Hortaz, eta Irati Arozena eta Maria Eskudero goizuetarrak kanpoan gelditu ziren. Ondotik, pilota mistoaren txanda heldu da, eta material horrekin, lau eta erdiaren barrenean, Leire Oskozek 18-6 gainditu zuen Eider Zubizarreta.

Eta bukatzeko elite mailako pilotariak aritu ziren, pilota mistoarekin. Lehenengoan, Miren Larrartek eta Itxaso Erasunek, Olatz Arrizabalaga eta Irati Zabala menperatu zituzten tanto bakarreko aldeaz, horretarako 12-1eko kontrako emaitza irauliz.

Jardunaldia itxi zuen partidan Maddi Barrokal eta Nora Mendizabalek 22 eta 20 irabazi zieten Leire Garai eta Uxue Osesi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun