Juanjo Elizalde

«Ahal duguna egiten dugu baina bakarrik ezin dugu»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 7a, 09:00

Juanjo Elizalde da Goizuetako Baserriaterren Batzordeko koordinatzailea

Goizuetako baserritarren momentuko egoeraz eta etorkizuneko erronkez mintzatu da Elizalde. «Goizuetan baserria garapen haundirako» bidean jartzeko asmoz, batzorde bat sortu dute.

«Goizuetan baserritik hutsetik bizirautea oso zaila» dela dio Juanjo Elizalde Usarraga (Goizueta, 1974) Goizuetako Baserritarren Batzordeko koordinatzaileak, «gazteak nekez» lotzen direla baserrira, eta «orokorrean gainbehera nabarmena» dela. Baina badute egoera iraultzeko gogoa, eta asmo horrekin baserritarren batzordea sortu dute. «Baserriarekin lotura dugun herritarren eta baserritarren talde zabala» elkartu dira, eta «Goizuetan baserria garapen haundi batera eramanen duen mugimendua jaio» delakoan dago. «Antzeko egoeran dauden herrientzako eredu» izan daitekeela uste du.

Nolakoa izan da batzordea sortzeko prozesua?

Gure egoera txarra dela eta, azken urteotan baserritarrak dezente mugitzen ari gara. Udalaren azken jokabide desegokiak ikusita bilerarako deia egin genuen. Egoeraren berri eman ondoren, batzordearen beharra ikusi genuen eta pausoak ematen hasi ginen. Auzo batzuetako jendea boluntario aurkeztu zaigu eta besteak hitz egin ondoren ordezkaritza lana egiteko prest agertu dira. Lau auzotan banatu ditugu baserriak eta bakoitzak bere ordezkariak ditu, eta azkenik, koordinatzailea.Goizuetan baserria garapen haundi batera eramanen duen mugimendua jaio da, antzeko egoeran dauden herrientzako eredu izan daitekeena.

Zergatik sortu duzue batzordea?

Zergatia oso argia da: baserritarrak mugitzen ez bagara aukera ikaragarriak galtzen ditugu, kudeaketa ezegokia delako. Helburu nagusia baserri eta mendi inguruen egoera tamalgarriari buelta ematea da. Horrekin batera, baserriko hainbat egoerak herritarrei eragiten dizkieten arazoei irtenbidea emateko tresna izatea nahi dugu.

Kaleratu zenuten azken oharraren arabera, 80 ustiategi daude Goizuetan. Zein da horien egoera?

Ustiategi gehienek ardiak dituzte, beste batzuek ardiak eta behiak edo betizuak, eta baditugu behor batzuk ere bai. Baserri ttikiak dira nagusi eta gehienek beste lanbide bat dute. Gazteak baserrira nekez lotzen dira, eta orokorrean gainbehera nabarmena sumatzen dugu.

BASERRIAREN GAINBEHERA NABARMENA SUMATZEN DUGU

Zenbatek dute baserria ogibide?

Bost bat gara ogibide nagusia abeltzaintza daukagunak. Azken urteotan bost gazte hasi dira, baina hiruk ustiategia itxi dute bost urteko konpromisoaren ondoren. Goizuetan baserritik hutsetik bizirautea oso zaila da.

Zein da arazorik haundiena?

Baserrian lan egiteko prest dagoen jende asko dago, baina errealitatean beste lanetan baino baldintza okerragoak dauzkagu: lan asko, jai gutxi, lotura haundia, burokrazia izugarria, lanordu bakoitzeko etekin gutxi... Horregatik gehienak beste lanetara joaten dira. Horri gehitu behar zaio baserri eta mendi inguruen egoera atzerakoia, bideen egoera txarra, mendi zikinak, aziendak amiltzen diren lekuak, aska falta...

Bide eta mendien egoera txarra aipatu duzu. Azalduko zenuke?

Baserrietara doazen bide asko zuloz josita daude, bide bazterretan hesiak falta dira, bide estuetan kunetak egokitu gabe daude... Mendi aldea ere tamalgarri dago. Identifikatu gabeko behi eta zezen asko daude eta herrira inguratzen hasiak dira. Iturri asko ez daude ur garbia edateko prestatuak, aska gehienak oso egoera txarrean daude, mendiak oso zikinak otez josiak, aziendak amiltzen diren lekuak itxi gabe... Gure kabuz ahal duguna egiten ari gara, baina bakarrik ezin dugu. Badirudi udalarekin egin dugun lanketa dela eta, hobekuntzak egiteko asmoa duela, eta pausoak ematen hasi da. Ikusi beharko dugu noraino ailegatzen den.

GOIZUETAN BASERRITIK HUTSETIK BIZIRAUETA OSO ZAILA DA

150 behi mestizo basati kontrolik gabe dabiltzala esan izan duzue...

Baserritarren artean asko hitz egiten dugu horretaz, ulertezina baita arrisku sanitarioa eta istripu arriskua ikusita nola ez dioten arazoari irtenbiderik ematen. Nafarroa osoan ez dago horrelako egoerarik. Herrira inguratzen ari diren behiekin eta betizuekin, herritarrak inoiz baino kezkatuagoak daude, zer esanik ez, inork kudeatzen ez dituen behi eta zezen arriskutsuak daudela ikasi dutenetik. Herritar batzuk mendira ateratzeko beldur dira. Azken aldian udalarekin gai horri irtenbideak emateko mugitzen ari gara eta udalak eta Nafarroako Gobernuak pausoak emateko esperoan gaude. Ez dut ikusten ez bata eta ez bestea irtenbidea emateko ausardiarekin. Baina batzordean irtenbide eraginkorrak aurkeztuko ditugu. Borondatea eta ausardia aski dira.

Nolako harremana duzue udalarekin?

Udal berria osatu zenean egoera aldatzeko itxaropentsu sentitu ginen, eta oso harreman onarekin hasi ginen. Mugimenduak egin dituzte baina ez dakite baserri ingurua eta abeltzaintza kudeatzeko erabaki egokiak hartzen. Hortaz, pixkanaka itzaltzen joan da gure itxaropena. Udalak gurekin duen jarrera aldatzeko lanean ari gara. Beti ere baserrigintzaz eta mendiaren kudeaketaz ari naiz. Momentu honetan harremana nahiko okertua dago. Pauso bat aurrera eta bestea atzera eginez gabiltza. Benetako erabakiak hartzerakoan, gurekin elkartu eta ahal den neurrian zer egin behar den adostea beharrezkoa da, bestela jazarpenaren bidean jarraituko dute.

Zuen oharrari udalak bere erantzuna eman zion...

Errealitatetik kanpoko erantzuna jaso genuen. Ez dizkiogu aldizkari bati gezurrak eta egiak erdizka esaten, mundu guztiak irakur ditzan. Baina ulertzen dugu udal batek bere hanka sartzeak nolabait itxuratu nahi izana. Bi auzotan lau aska egin dira, baina kontua da mendian aziendak amiltzen eta hiltzen diren puntu beltz bat dagoela: Eskutxuloko erreka. Azken 20 urteetan 15 bat betizu eta behor hil dira. Inbertsio horrekin leku hori itxi eta babestua geldi zitekeen. Ez ziguten aukerarik eman erabakitzerakoan eta garbi dago ez dutela asmatu. Hala ere, min haundiena egin diguna Illarbietara doan pista konpontzeko 40.000 euroko inbertsioa ezkutuan erabaki izana da. Baserritarrok ia erabiltzen ez dugun bidea da. Udalak bilera baterako deia egin zigunean, lau baserritar bildu ginen eta gure ekarpenak egin genituen. Udaleko zinegotzi batek bakarrik babestu zuen bide hori konpontzeko aukera, auskalo zein asmorekin. Bide hori erabilgarri dagoela eta auzo horretan lehentasun handiagoak daudela erantzun genion. Badirudi aurrez erabakia zeukatela zer egin, bileran ez baitzen adostu inbertsioak nola egin. Esleipein hori birbildaltzeko eskatu diogu udalari eta espero dugu egitea, bestela egundoko lapurreta eta iruzurra izanen da. Bestetik, udalak «baserritarrek zerga bidez gainontzeko goizuetarrek bezala dituzten ondasunen baitako ekarpena egiten dutela, eta udalak inbertsioak egiterakoan onura kolektiboa hartzen duela aintzat» adierazi zuen, «ez norberak egiten duen ekarpena». Ba udalak jakin behar du baserritarren kolektiboa zisko egina dagoela eta behar handiak dituela.

PAUSO BAT AURRERA ETA BESTEA ATZERA EGINEZ GABILTZA

Nolako harremana dute goizuetarrek baserri munduarekin?

Oro har, oso egokia. Gero eta sentsibilizatuagoak daude. Adibidez, gure produktuak erosteko ekimenak egin dira, gehienak udalak bultzatuta. Dendetan ere eskuzabaltasunez hartzen dituzte gure produktuak eta herritarrak erantzuten ari dira.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Baserri ingurua eta mendiaren egoera baldintza egokian jartzeko gai bagara, etorkizuna ziurtatua daukagu. Egoera txarrean segitzen badu baserriaren gainbehera atzeraezina izanen da. Etorkizuna gure esku dago.

Zein dira zuen erronkak?

Epe motzera momentu berezian gaude, herri lurren ordenantza berria eta hamar urteko mendiko herri lurren hobekuntzak finkatu behar dira. Hortaz aparte, udalak herri lurretarako 5.000 euroko gastua aurreikusi du. Hiru alde horiek udalaren eta baserritarren artean landu eta zentzuz adostuta aurrera atera behar ditugu. Ez du boterean dagoenak inposatu behar, orain arte bezala, are gutxiago baserritarrik ez dagoen talde batek. Illarbietako bidea konpontzeko esleipena birbideratzeak inguru horren egoera hobetuko luke, eta hori lehenbailehen egin behar da. Larre sariak direla, NPBko hektareako ordaindutakoa dela, kontribuzioa, ibilgailuen ordainsaria, obren baimenak... Baserritarrok ordaintzen ditugun zergetatik diru asko sartzen da udalean, eta horien eta besteen kudeaketa sakonki berraztertu behar dugu. Egoerak aldaketa eskatzen badu, aldatu beharko dugu.

Baserria krisi egoeran ikusten duzu?

Bai. Batez ere pentsuaren, argiaren eta gasolioaren igoerarekin kolokan gaude. Denbora laburrean dena normalizatzen ez bada, ustiategi askok itxi beste aukerarik ez dute izanen.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Ez dugu etsi nahi eta udalarekin pausoak eman nahian harremanetan segitzen dugu. Badirudi zerbait irekitzen hasi dela. Badakigu udaleko kideek asmo onak dituztela eta elkar ulertuz eta kolaborazio zuzena izanez, elkarbizitza sanoa sortzeko gai izatea da baserritarron ametsa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun