Lore More antzerki taldeak 'Trapu zikinak' obra taularatuko du igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 6a, 12:00

Leitzako Herri Aretoan izanen da emanaldia igandean 19:00etan. 

Udalbiltzaren Geuretik sortuak programan sortu zuen iazko udan Lore More antzerki talde nafarrak 'Trapu zikinak' obra, eta igande honetan, maiatzaren 8a, igandea, Leitzan ikusteko aukera izanen da. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrerak emanaldia hasi baino 45 minutu lehenago jarriko dituzte salgai 8 euroan Herri Aretoan bertan. 

Sinopsia

«Trapu zikinak etxean garbitzen dira» esaten bada ere, herri garbilekuek, egun mutu dauden harritzarrek, bertze errealitate posible bat agerian uzten dute: trapuok kalean garbitzen zirela, alegia, bizilagun, senide eta lagunekin batera; intimitatearen ideia begi berriz aztertzen ahal dugu iraganeko ur horietan murgiltzen baditugu eskuak. Nola garbitzen dira lotsak utzitako orbanak? Eta indarkeriarenak? Zeri esaten diogu «zikin»? Zertaz hitz egin ahal da? Zer hitzekin? Gerraosteak utzitako pobrezia, adiskidetasuna, patroiaren bidegabekeria, maitasuna, lana eta etorkizunerako desirak gorpuztuko dira garbitzen diharduten emakume saldoan. Hotza eta zikineria izanen dituzte bidelagun; azken hauek ere badute zer esan bizi garen munduaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun