Belaunaldien arteko aliantzak sendotzea da txapelketaren helburua, ahalduntze kolektiboaren bidetik, betiere, lurraldetasuna aintzat hartuz. Señora izaera ere aldarrikatu nahi dute sariketaren bidez. Andre zaharrarekin eta bakardadearekin loturiko kontzeptuari buelta eman nahi izan diote sariketa honen antolatzaileek; Maider Arregi bertsolari eta antolatzaileak adierazi gisan «emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena»; hitzaren eraldaketa hori lortzea da xedea.
Kanporaketak eta finala
Bi kanporaketa eta finala izanen ditu aurtengo edizioak. Hendaian eta Laudion izanen dira kanporaketak, eta finala, aldiz, Leitzan.
Lehenengo saioa maiatzaren 14an izango da Hendaian, Enbata Gaztetxean, 17:00etan, eta honako sei bertsolari hauek ariko dira: Josune Aramendi Perez, Amaia Iturrioz Etxaniz, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Aner Euzkitze, Paule Loizaga Legarra eta Ekhiñe Zapiain Arlegi. Gai-jartzen, Ainhoa Larretxea Agirre ariko da.
Bigarren kanporaketa Laudion jokatuko da maiatzaren 21ean, Aiaraldeko faktorian, 18:00etan hasita, eta kantari: Leire Vargas Nieto, Irati Anda Villanueva, Andere Arriolabengoa Lopez, Ane Beloki Lopez, Ane Labaka Maioz eta Sarai Robles Vitas. Gai-jartzen, Amaia Agirre Arrastoa.
Finala, aldiz, Leitzan jokatuko da ekainaren 4an.
Saioetako sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus gunean, 8 eurotan.