Goizuetako Goittiki haurtzaindegirako dirua biltzeko Garagardo Festa eginen dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 27a, 19:00

Ikasturte honetako Goittikiko haurrak.

2019an hasi eta pandemiaren ondorioz utzi behar izan zuten ekimena berrartuko dute aurten goizuetarrek

Apirilaren 30ean II. Garagardo Festa eginen dute Umore Ona elkartean 21:30ean. Afariak entsalada, zekor saiheskia, saltxitxak, patata purea, postrea, kafea, kopa eta Alemania, Belgika eta Txekiako bost garagardo mota izanen ditu, eta Ainhoa Zabaletaren musikak girotuko du.

Goittiki haurtzaindegia

Duela hamabi urte hasi zuen ibilbidea Goittiki haurtzaindegiak. Herrian «eskolara sartu aurreko haurrentzako zerbitzuaren beharra bazela ikusita» pausoa eman zuten hainbat gurasok, eta «hirietako edo herri handi bateko gaitasun ekonomikorik gabe, eskura ziren baliabideekin egin zuten aurrera». Halaxe kontatu du Iñigo Elizegi Goittikiko gurasoak.

Geroztik 0 eta 3 bitarteko ume asko pasatu dira Rosa Olaizola hezitzailearen magaletik. Urte batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, «haurren kopuruak gorabehera asko izan dituelako. Urte batzuetan zortzi-hamar haur izan dira, beste batzuetan, bi edo lau...». Horrek ekonomikoki ere badu eragina: «Ume asko daudenean kuotekin betetzen dira gastuak, baina ume gutxi daudenean ezinezkoa da. Langileaz gain, bestelako gastuak ere izaten baitira: materialak, instalazioa...», dio Elizegik.

Urteetan «festetako bingoa» izan dute diru iturrietako bat eta «oraindik bingoaren diruarekin bizirauten du Goittikik». Azken urteotan iturri hori itxita, eragina bistakoa izan da: «Pandemiarekin ezin izan dugu horrelakorik egin eta ahal dugun moduan egin dugu aurrera».

Garagardo festa dirua biltzeko

Horregatik erabaki dute apirilaren 30ean eginen duten Garagardo festako dirua Goittikira bideratzea: «2019an garagardoa maite dugun kuadrillatxo bat elkartu, eta besterik gabe, garagardo dastaketa bat egin genuen. Aurten, pandemia atzean uzten ari garenez, berriz egitea pentsatu genuen, baina garagardoa edateko hitzordua zerbait gehiago egiteko aitzakia izatea nahi genuen, eta Goittikirentzat dirua biltzea pentsatu genuen».

Halako ekimenak garrantzitsuak iruditzen zaizkio Elizegiri, helburua zerbitzua mantentzea delako, «herri ttikietan zerbitzu guziak oso garrantzitsuak direlako, baita Goittiki ere». Bere ustez, «bi zentzutan da garrantzitsua»: «Alde batetik, herri ttikiek zenbat eta zerbitzu gehiago eduki, orduan eta aukera gehiago jendea bertan gelditzeko edo kanpotik etortzeko. Herri ttikietan biztanleria behera doa eta zerbitzu gehiago izateak herria bizirik mantentzen laguntzen du. Bestetik, berdintasuna lortzeko bidean, Goittikik familiei kontziliaziorako aukera ematen die, gurasoei lanarekin beste askatasun bat».

Ikasturte honetan lau haur dira Goittikin, baina hurrengo urteei begira, «etorkizun ona» espero du Elizegik, «haur gehiago jaio dira eta ea...». Beraien aldetik, «ahalik eta zerbitzurik hoberena izan dadin, lanean jarraituko dugula» berretsi du. Onartu du, «bidean traba asko» izaten direla, besteak beste, «legeak eta araudiak hiriburu eta herri haundietara bideratuak direlako», baina «gure artean gogoa eta borondatea baldin badago, modu batera edo bestera, aurrera aterako gara».

Bestalde, honela gaineratu du Elizegik: «hainbat arrazoirengatik Goittikiko umeek ez dute behar bezalako lokal finkorik eduki azken urteotan. Gure helburua, eskolan, kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzeko espazioa egokitzea da, egoitza egokiagoa delako eta azken aldian izan ez dugun beste zerbitzu bat berriz eman ahal izateko: Eskolan dauden ume ttikiak zortzietan eskolara sartu aurretik Goittikin uzteko aukera. Horretan ari gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun