Mendialdeko Azoka Ibiltariaren 3. edizioa aste honetan hasiko da eta irailera arte bederatzi herritan ibiliko da. Herrietako udalek, Plazaola Partzuergoak eta Cederna Garalurrek antolatu dute eta igandean izanen da urteko lehenbiziko hitzordua Arriben (Araitzen) 10:30etik 14:00etara.
Bertan elikagai freskoak eta eraldatuak izanen dira eskuragarri; arrautzak, ardi eta ahuntz-gazta, jogurta, mamia, hestebeteak, eztia, marmelada, ogia, garaiko barazkiak, sagar zukua, garagardoa, sagardoa, taloak, txokolatea, fruitu lehorrak, patea… Hauez gain, elikagaiak ez diren produktuak erosteko aukera ere izanen da, besteak beste, xaboiak, zilarrezko eta larruzko artisautza, kosmetika naturala, zapatak, artisau-labeak, bitxiak eta zurezko tailuak. Garaiko eta bertako produktuen dibertsifikazioa sustatzeko, eskualdetik kanpoko ekoizle eta artisauak gonbidatuko dituzte, inguruko herrietakoak eta Nafarroakoak lehenetsiz.
Hauek izanen dira aurtengo azoka ibiltariko bederatzi datak:
- Apirilaren 24an Arriben (Araitz)
- Maiatzaren 8an Lekunberrin
- Maiatzaren 15ean Gorritin (Larraun)
- Ekainaren 5ean Goizuetan
- Ekainaren 19an Leitzan
- Uztailaren 2an Latasan (Imotz)
- Uztailaren 24an Basaburuan
- Abuztuaren 14an Areson
- Irailaren 4an Beuntzan (Atetz)
Hitzordu guztiak goizez izanen dira, 10:30etik 14:00etara.