Iker Bengoetxea eta David Delgado leitzarren bitartez, bigarren aldiz futbol campusa antolatu du Aurrera Kirol Elkarteak, eta bigarren edizio honek ere arrakasta bikaina izan du: bost eta hamabi urte bitarteko 80 neska-mutiko apuntatu dira. Futbolari ohiak eta futbolzaleak dira biak, Bengoetxea Aurreran eta Txantreako taldean hirugarren mailan aritutakoa, eta Delgado Osasunan, Eguesibarren, Peña Sporten eta Alfaro taldean bigarren B mailan ibilia. «Leitzan haurrentzat futbolarekin lotutako zerbait antolatzeko gogoa aspalditik» zutelako hasi ziren «proposamena garatzen».
Eguberrietan egin zuten estreinaldia, «Karlos Agirre Aurrera Kirol Elkarteko presidentearen laguntzarekin. Udalak, Anikote kiroldegiak eta eskolak ere dena erraztu ziguten». Pandemia tarteko, positiboak gora eta behera, ibili baziren ere, «bukaeran oso pozik gelditu ginen. 43 haur apuntatu ziren, gustura ibili ziren eta gu ere bai».
Aste honetan lau egunez
Eguberrietan hasitako bideari segida eman nahi izan diote egunotan. Hortaz, azken orduko aldaketarik ez bada, apirilaren 19tik 22rako goizak futbol campuserako dituzte. Aldi honetan ere, Aurrera elkartearen bitartez egin dute, baina adin tartea zabalduta: «Eguberrietako campusa sei eta hamabi urte bitartekoentzat egin genuen, eta kasu honetan lau eta bost urtekoentzat hiru orduko saioa antolatzen ahal genuela pentsatu genuen; sei eta hamabi urtekoentzat, berriz, 09:00etatik 14:00etara». Erantzuna espero baino hobea izan da: «Ezusteko handia izan da, ez genuen halakorik espero».
Gehienak leitzarrak
Lau urtekoetan inor apuntatu ez bada ere, bost urtekoetan sei haur apuntatu dira; sei urtekoetan bederatzi; zazpi urtekoetan zortzi; zortzi urtekoetan 21; bederatzi urtekoetan sei; hamar urtekoetan hamar; hamaika urtekoetan sei eta hamabi urtekoetan hamalau. «Bat edo beste Aresokoa, Lekunberrikoa eta Ultzamakoa bada ere, gehien-gehienak leitzarrak dira».
Belar artifizialeko zelaia
Delgadoren hitzetan, «belar artifizialeko futbol zelaia» izatea dute beste erronka nagusia, futbolean «instalazio egokirik ez izatea muga» baita bere irudiko. Hori begiz jota, «komisio bat» sortu omen dute, «belar artifiziala duen futbol zelai bat sortzeko proiektua lantzeko».