Ainhoa BAKERO

«Futbolak lagun onak eta balio on asko eman dizkit»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 16a, 11:00

Ainhoa BAKERO ESKUDERO, Goizuetako futbolari ohia

Zazpi-zortzi urterekin hasi zen futbolean Ainhoa Bakero Eskudero (Goizueta, 1972) eta 25 urte bete arte baloiaren bueltan ibili zen. Tarte horretan gozatu zuela dio, eta hori agerikoa da bere hitzetan, «oroitzapen oso politak» dituelako gordeak: «gustukoa nuena egiten nuen, etxe ondoan, eta jendearekin oso harreman polita egin genuen».

Añorga taldean egin zuen ibilbidea Bakerok eta taldeko «giro polita» nabarmendu du. Baina lorpenak ere ez ziren nolanahikoak izan. Espainiako Liga eta Erreginaren Kopa bakoitza hiru aldiz irabazi zuten eta beste hainbatetan txapeldunorde izan ziren: «talde polita osatu genuen urte askotan eta emaitzak ere aldekoak direnean, horrek animoak ematen ditu». Espainiako Ligaren aurretik Gipuzkoan eta Euskal Herri mailan lortutakoak ere ez ditu ahaztuak: «urte batzuez txapeldun edo txapeldunorde izan ginen». Espainiako eta Euskal Herriko selekzioekin ere aritu zen: «Euskal Herriko selekzioarekin maizago aritu nintzen baina Espainiakoarekin ez dut oroitzapen berezirik». Izan ere, «Espainiako selekzioaren deialdi batera ez nintzela joanen esan nuen azterketa bat nuelako, eta hautatzaileak ez zuen batere ongi hartu. Ez zidan gehiago deitu».

«Orain konturatzen naiz emakumeen futboleko goi mailako txapelketak jokatu genituela»

Futbola hobby bat izan zen Goizuetako defentsarentzat: «orain, atzera begiratuta, konturatzen gara momentu hartan emakumeen futboleko goi mailako txapelketak jokatu genituela, baina gu orduan oso gazteak ginen, eta gustukoa eginez, ongi pasatzeko modua zen».

Astean hiru aldiz egiten zituzten entrenamenduak, eta asteburuetan partidak: «aste batean etxean, eta hurrengoan etxetik kanpo: Madrilen, Bartzelonan, Sabadellen, Leonen, Sevillan, Malagan... Autobusa hartu eta kilometroak eta kilometroak egiten genituen». Hori, ordea, «niretzat ez zen sakrifizioa. Gustatzen zitzaidan eta gure arteko harremana oso ona zen. Autobusean sartu, eta azterketa garaietan ikasten, beste batzuetan kartetan... aritzen ginen. Autobusean mus txapelketak ere antolatzen genituen...».

Ikasketak

Futbola ikasketekin uztartu zuen Bakerok: «UBI (COU) bukatu eta atzerrira joateko aukera izan nuen. Eskolan frantsesa ikasi genuen eta atzerrira joandakoan lehenbiziko Alemaniara joan nintzen alemana ikastera eta gero Ingalaterrara ingelesa ikastera». Ez hori bakarrik: «Alemanian egin nituen hamar hilabete haietan, hango futbol talde batean aritu nintzen, eta han ere emaitza onak lortu genituen». Handik bueltan, zuzendaritzako idazkaritza ikasketak egin zituen, eta «hainbat lekutan lanean aritu ondoren, oposizioak atera eta nire ikasketekin zerikusia duen lana aurkitu nuen». Horretan dihardu gaur egun, EITBn lanean, eta onartu duenez, «oso gustukoa dudan lana da».

«Gaur egun, zaharragoak direnek ere jokatzen segitzen dute baina garai hartan neskek lehenagotik uzten zuten, eta guk ere hala egin genuen»

Tarte horretan hartu zuen futbola uzteko erabakia ere: «lanean hasia nintzen eta lotura handia bihurtu zen. Gainera, betiko jokalariak uzten eta berriak etortzen hasiak ziren... Gure artean liskar gehiago sortzen ziren, eta entrenamenduetara eta partidetara gogoz kontra joaten nintzela sentitzen nuen. Uztea erabaki nuen». Aitortu du «penarekin» eta «buelta batzuk eman ondoren» hartu zuela erabakia, eta «beste urteren bat edo beste ez segitu izanaz ere damutu nintzen». Gaineratu duenez, «gaur egun, zaharragoak direnek ere jokatzen segitzen dute baina garai hartan neskek lehenagotik uzten zuten, eta guk ere hala egin genuen».

Kirolari lotuta

Futbol partidak aerobiceko saioekin ordezkatu zituen goizuetarrak: «dantza egitea ere asko gustatzen zait eta entrenamenduetara joan partez, astean bi aldiz aerobiceko klaseetara joaten hasi nintzen. Aldaketa erabatekoa izan zen, baina kirola egiten jarraitzeko bidea zen».

Geroztik kirola alde batera utzi gabe jarraitu du. «Duela bost bat urte aerobic utzi eta spinning egiten hasi nintzen». Futbolarekin, ordea, ez du  orduko loturarik: «Futbolarekin dudan loturarik handiena semeak futbolean jokatzen duela eta bere partida guztiak ikustera joaten naizela da. Horretan ez dut hutsik egiten». Realzalea dela ere aitortu du, eta gizonezkoen zein emakumezkoen Realeko taldeei erreparatzen die, baina hortik gora deus ez. «Lotsa pixka bat ematen badit ere, emakumezkoen futbola ez dut gehiegi segitzen».

«Asko pozten naiz gu futbolean hasi ginenetik lorpen handiak egin direlako»

Baina ohartua da bere garaitik emakumezkoen futbola «asko-asko aldatu» dela, eta bere hitzetan, «onerako» izan da. Ez berak, ez Añorga taldean berarekin aritu ziren Ixiar eta Arantxa ahizpek, ez zuten Joxe Mari eta Xantik anaiek bezala futboletik bizitzeko aukerarik izan. Eta gizonezkoen eta emakumezkoen futbolaren arteko desberdintasunen lekuko izan zen: «batean harri-txintxorretan jokatzen genuen, hurrengoan lur gainean, beste batean patioan... Campo Noura joan eta bertako aparkalekuan ere jokatu genuen...». Gaur egungo jokalariek, ordea, «guk ez genituen aukerak» dituztela nabarmendu du. «Horrek bere alde txarra ere eduki dezake. Guretzat hobbya zen eta ez genuen hainbesteko presiorik, eta orain, soldata bat izanda, horrek presioa ere sor dezake, eta hori kudeatzen jakin behar da». Kontuak kontu, «asko pozten naiz, gu futbolean hasi ginenetik lorpen handiak egin direlako, eta horren atzetik jende askoren lana dago». Horrekin batera, «orain gazte-gaztetatik neskatila asko futbolean» ikustea poztekoa iruditzen zaio, «gure garaian gutxiago ginen».

Egindako ibilbidearekin «kontent» mintzo da Bakero, eta «oso harro» dago «familiaz». Urteetan atzera egiteko aukera izanen balu, ez omen luke deus aldatuko: «egia esanda, hartutako erabakiekin gauzak ongi atera zaizkit. Akaso zeozer aldatzen hasita beste zerbait okertuko da eta hobe bere horretan utzita», dio irriz.

Berea futbola izan zen. Hori argi utzi du, eta, horregatik dio «futbolari asko zor» diola. Futbolak lagun onak eta beste balio on asko eman dizkit. Futbolean jokatu izana oso gauza ona izan da nire bizitzan». Bide beretik, futbola izan edo ez, «gazteei, neska zein mutil, gustukoa duten kirola egiteko deia» egin nahi izan die, «kirolak osasuntsu egoten laguntzeaz gain, beste ate batzuk irekitzen dituelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun