Kanadako telebista produktora bat Euskal Herriko emakume pilotariak grabatzera etorri da

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 13a, 09:00

Ados elkartearen eskutik, Leitzako plazan neska ttikiekin egon ondotik, Latasako frontoien egin zuten grabaketa

Kanadako telebista produktora batean Euskal Herriko emakume pilotariei buruz jakin zuten eta mundu osoan, garai batean gizasemeen indar gehiago izan zuten arloetan emakumearen ahalduntzea erakutsi nahi duen hamabi ataleko dokumental serie baterako gai egokia izan zitekeela pentsatu zuten. Pentsatu eta egin. Apirilaren 11n, astelehenean, Ados pilota elkartearen eskutik grabaketak egiten aritu ziren, Leitzako plazan Ados eta Aurrera pilota eskolako ttikiekin lehenik eta gero, Latasako frontoian, helduen pilota partida grabatzen.

Maite Ruiz de Larramendi Mujikak dioen bezala, «horrelako dokumental baterako gu aukeratu izana izugarria da. Hamabi ataletatik bat Euskal Herriko emakume pilotariok beteko dugu. Lehenagotik Bartzelonan izan ziren zenbait kolektiborekin. Lehenago maskulinoagoak ziren arloetan emakumeen ahalduntzea erakutsi nahi dute. Gurekin egon ondotik Kanadara itzuli dira, gero Txinara joan beharrak dira eta gero osatuko dute dokumentala».

Latasan grabatutako partidetan, Ruiz de Infante eta Orbegozo, Aldaregia eta Naroa Agirreren kontra aritu ziren lehen partidan eta Arrieta eta Olatz Ruiz de Larramendi, Iturriaga eta Mujikaren kontra bigarrenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun