Lau etxebizitza eraberritu nahi ditu Goizuetako udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 13a, 16:00

Medikuaren etxea saldu eta salmenta horretatik lortutako dirua beste eraikin batzuk eraberritzeko erabiliko du Goizuetako udalak.

Medikuaren etxea salduta, ikastola gaineko bi etxebizitzak eta Azokaren gaineko solairuan beste bi bizitza egokitu nahi ditu

Medikuaren etxea saldu eta salmenta horretatik lortutako dirua beste eraikin batzuk eraberritzeko erabiliko du Goizuetako udalak. Zehazki, Ikastola gaineko bi etxebizitzak eta Azokaren gaineko solairuan prestatuko liratekeen beste bi bizitza egokitu nahi ditu. Halaxe jakinarazi zuen udal taldeak martxoaren 11n egindako herri batzarrean.  

Duela urtebete egindako batzarrean aurkeztu zituen udalak udal eraikinei irtenbidea emateko proposamenak, medikuaren etxearekin, Ikastola gaineko bi etxebizitzekin eta Ospitalearekin zer egin erabakitzeko. Horren ondoren, inkesta bat egin zuen herritarren beharrak eta nahiak ezagutzeko eta udalaren hitzetan, «inkesten emaitzek argi erakusten dute herritarrek herrian bizitzeko nahia dutela, gehienek bost urteko epearen barruan». Inkestatuen «zati handi batek alokatzeko asmoa» adierazi omen zuen eta «azken hilabeteetan alokatzeko etxebizitzen eskaera nabarmen hazi» dela ikusita, erabaki du medikuaren etxea saltzea eta lau etxebizitza egokitzea. Argitu duenez, «Nafarroako Gobernuak eraikinak eraberritzeko dituen dirulaguntzak beharrezkoak izanen dira».

Ospitaleak, ordea, «ez du hain soluzio erraza» udalaren hitzetan: «Nafarroako Gobernuaren eta Nasuvinsaren dirulaguntzak beharrezkoak izanen dira adinekoentzako eta gazteentzako sei bizitza egiteko».

Batzarrean, eraikin partikularrak zaharberritzeko Nasuvinsak dituen dirulaguntzak eskatzeko deia egiteaz gain, laster eraikin kolektiboetarako dauden dirulaguntzen inguruan bilera eginen dutela jakinarazi zuen udalak: «Nasuvinsako teknikariak bertan izanen dira».

Bestelako kontuak

Herri lurrez ere aritu zen Unai Miranda alkatea batzarrean. Iralekuen hitzarmenaz, «hitzarmen gehienak eginak daudela eta komunaletako sailaren esku daudela» azaldu zuen. «Aurrerantzean eginen diren landaketak % 100 finantzatuak izaten saiatuko dela» ere esan zuen, baita «Artikutzako kordaleko inguruko azpiegiturak hobetzeko, gobernuak %100 finantzatuta, Illarbietako pista moldatuko dutela» eta «Sanpedron eta Haritz-haundin bi aska berri» eginen dituztela ere. Herri lurren aprobetxamenduaren ordenantza «eguneratzearen beharraz» ere  aritu zen eta hori egiteko, parte hartze prozesua abiatuko dute.

Uraren hornidura sarearen «egoera kaskarrari» aurre egiteko hainbat lan eginen dituztela ere jakinarazi zuen alkateak batzarrean eta turismoari ere bultzada eman nahi diote, «ditugun baliabideei balioa emateko». Helburu horrekin sartu da udala Plazaola Partzuergo Turistikoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun