'Amua' antzezlanaren emanaldia igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 8a, 11:00

Maite Larburu, Manex Fuchs eta Ximun Fuchs dira antzerkiko protagonistak.

Axut konpainiak Amua antzezlana taularatuko du igandean Leitzako Herri Aretoan 19:00etan. Maite Larburu, Manex Fuchs eta Ximun Fuchs aktoreak izanen dira taula gainean. Sarrerak zortzi euroko balioa du, eta areko lehiatilan egongo dira salgai hasi baino 45 lehenago. 

Sinopsia

Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bertzea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elkar aunitz maitatu dute, elkar aunitz maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza alde batera uzteak, asteburu bakar batentzat bada ere, barne kalapita galantak eraginen ditu. Oihan basatia, oreinak eta onddoak tarteko, bakoitzak pentsatzen duenaren, erraiten duenaren eta egiten duenaren arteko distantziak pertsonaiak biluztuko ditu. Askatasunaren utopia azkenekoetan dela errana izan zaigu hainbatetan, baina maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun