Pesta gosea asetzeko Udaberri Pesta eginen dute larunbatean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 7a, 09:00
Tio Teronen Semeak taldeak dantza emanaldi berezia eskainiko du larunbat arratsaldean Leitzan.

Pestarako gogotsu dagoenak aukera ederra izanen du larunbat honetan, apirilaren 9an, Leitzan, Pesta Batzordeak egun osorako egitaraua prestatu baitu. Dianak, erraldoi eta buruhandiak, txaranga, herri bazkaria, Tio Teronen semeak taldearen emanaldia, Jeiki abesbatzaren kontzertua eta rock kontzertuak izanen dituzte, egitarau zabalarekin.

Larunbatean 09:00etan diana eginen dute txistulariek eta 11:00etan erraldoiak eta buruhandiak aterako dira. 13:00etan Jarauta 69 txaranga arduratuko da kaleak girotzeaz, eta 14:30ean herri bazkaria eginen dute karrapean. Txartelak hartzeko epea apirilaren 6an bukatzekoa zen.

Bazkalondoan ere ez da ekitaldirik faltako. 18:00etan Tio Teronen Semeak ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen da eta 19:30ean Jarauta 69 txaranga hasiko da berriro. 20:00etan Jeiki abesbatzak kontzertua emanen du elizan eta eguna borobiltzeko, 23:30ean, Rock Kaleanek hartuko du lekukoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun