Arantza Zuluetari zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra jarri diote, Jon Enparantzari lau urteko zigorra, Naia Zuriarraini hiru urte eta sei hilabetekoa, eta Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa. Ostiralean Leitzan adierazi zutenez, «bi helburu» ditu zigorrak: «epaitutakoen eta euren senideen zein lagunen sufrimendua areagotzea eta Euskal Herriarentzat konponbide demokratikoa oztopatzea».
Epaia salatzeko akusatuen herrietan sortutako sostengu plataformek apirilaren 9an Donostian eta Bilbon manifestazioak deitu dituzte, eta ostiralean Leitzan bildutakoek manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute. «Bi manifestazioak 17:30ean hasiko dira, Donostiakoa Saguesetik eta Bilbokoa Jesusen Bihotza plazatik».