Egun handia izanen dute asteartean Leitzan, bertatik abiatuko baita Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa. 12:00etan aterako da tropela herriko plazatik, eta 207,92 kilometro egin beharko dituzte Vianaraino. Tropelean, gainera bi leitzar ikusteko aukera izanen da: Caja Rural taldeko Mikel Nieve, eta aurten lehenengoz itzulian parte hartuko duen Euskaltel-Euskadiko Ibai Azurmendi.
Itzulia dela eta, astearte goizean hainbat kale itxita egonen dira 09:00etatik 14:00ak arte:
- Elgoien kalea, Irazkatik Herri Aretoraino.
- Elgoien kale pareko aparkalekua.
- NA-1700 errepide nagusia, Elbarren kaleko 16. zenbakitik, 26. zenbakiraino.
- Elbarren kalea, Adur tabernatik plazara.
- Elbarren kalea, Adur tabernatik Peritzaraino.
- Leitzako plaza.
- Elbarren kalea, Torrearen atzeko aldean.
Gainera, 09:00etatik 14:00etara bitarteko lineako autobus zerbitzu guztiek Lopeneko biribilgunean hartu eta utziko dituzte bidaiariak. Leitzako Udaletik antolakuntzaren jarraibideei adi egoteko mezua zabaldu dute.
Etaparik luzeena
Itzuliko etaparik luzeena izango da Leitzatik abiatuko dena. Denera 207,92 kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek Leitzatik Vianarako bidean. Hiru mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek, hirugarren mailako Uitzi Leitzatik atera eta segituan, bigarren mailako Lizarraga 59. kilometroan, eta helmugarako 20 kilometro falta direla Aguilar gaina.