Ukrainako lau familiari harrera egin diete aranoarrek

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 4a, 10:00
Ukrainako haurrak Goizuetako eskolara joateko autobusera igotzen. Argazkia: Joxan Ruiz.

Duela hiruzpalau astetik hamaika bizilagun gehiago ditu Aranok. Ukrainarrak dira sortzez, gerratik ihesi etorritako lau familia, eta Aranon lurrartu dute. «Oso kontent eta seguru» sentitzen direla dio Joxan Ruiz Aranoko alkateak, baina horrekin batera, herritarren erantzuna nabarmendu du. Helduak lan bila ari direla eta laguntza eskatu du alkateak.

Azken hiru urteotan Aranon bizi, baina sortzez ukrainarra den bizilagun baten bitartez ailegatu dira Aranora. Alkateak kontatu duenez, bera izan zen  aranoarrei laguntza eskatu ziena, eta hauek «berehala» erantzun zuten: «Herri bilera bat egin genuen eta martxan jarri ginen. Herritarren elkartasuna eta antolaketa goraipatzekoak izan dira». Elkartasun horren erakusle herritar batek hiru hilabetetarako pisu bat utzi die eta hortxe bizi dira gaur egun. Gainerakoan, haurrek eskolako bidea ikasi dute: «zazpi haur dira eta martxoaren 25ean hasi ziren Goizuetako eskolan». Eta hizkuntzari dagokionez, «denbora laburrean euskaraz eta gaztelaniaz aurrerapen handiak egin dituzte».  

Era askotariko laguntza

Laguntza emanez, asko ikasten ari direla azpimarratu du alkateak: «Beraien bitartez, nola lagundu ikasten ari gara. Gure lehenbiziko helburua beraiek lasai eta seguru sentitzea zen, egoera larrian zeuden, eta ez zekiten nora eta norengana zetozen». Hori neurri handi batean lortu dutela uste du; baina lasaitasuna ez da erabatekoa: «momentu oro sorterriarekin konektatuta daude, han zer gertatuko den dute buruan. Familia han dute...». 

«Momentu oro sorterriarekin konektatuta daude, han zer gertatuko den dute buruan».

Joxan RUIZ, Aranoko alkatea

Azken asteak mugituak izan dira Aranon, alde batetik, laguntza biltzeko mugitu behar izan dutelako: «Oheak, jatekoa eta botikak erosi dizkiegu, eta Hernaniko bilketa zentrotik behar zutena bildu diegu». Ez hori bakarrik. «Dirulaguntzen zain gaude, baina bitartean herria oso ondo erantzuten ari da. Aurorarenean kaxa bat jarri dugu dirua jasotzeko, eta diru horrekin erosketak egiten dizkiegu». Baina alde ekonomikoaz gain, bestelako elkartasun keinuak etengabekoak izan ari dira: «Beste zerbait falta badute, berehala agertzen da norbait emateko edo uzteko prest».

Bestetik, tramiteak egitea egokitu zaie. Gizarte zerbitzuetara eta Gurutze Gorrira jo dute, Ruizek esan bezala, «Gurutze Gorria baita ukrainarrei lehen arreta egiteko akreditatutako entitatea». Nafarroako Immigrazio Kontseiluan ere izan dira, eta «aldi baterako nortasun agiria eman diete».  

Lan bila

Hurrengo urratsa helduak lan munduan sartzea izanen da eta horretarako laguntza eskatu du: «Lan munduan txertatu nahi ditugu baina ez da erraza. Inguruko enpresekin harremanetan jarri gara baina guraso bakarreko familiak dira eta ordutegiagatik ezin dute edozein lanetan ari, haurren zaintzaz arduratu behar dute».

Aranon noiz arte izanen diren ez dakitela dio alkateak, eta badaezpada etxebizitza bermatzeko lanean jarraitzen dute: «Nafarroako herri askotan pisuak debalde uzten ari dira. Zerrenda bat eman digute, baina momentuz, hemen inguruan gelditzea nahiko genuke, eta inguruko etxebizitza batzuk alokairuan hartzeko begira ari gara».

«Mundu mailan gatazka asko» daudela ere gogoratu du Ruizek: «Aranon bizi den ukrainarraren bitartez ukrainarrei egin diegu harrera eta eman diegu laguntza, baina beste toki batekoak izan balira, berdin hartuko genituzke». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun