Ainhoa IPARRAGIRRE

«Oso gutxirekin zein pozik bizi diren ikustea hunkigarria izan da»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 2a, 09:00

Ainhoa IPARRAGIRRE PERURENA, Ugandan izan den leitzarra

Mukwano Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez, Ugandako Budhagali herrian izan da leitzarra, bere familiarekin batera. Hilabete eskas pasatu dute eta bizitakoaren berri eman dio TTIPI-TTAPAri. Argi utzi du berriz bueltatuko dela.

«Aspalditik oso barneratua dut egunean egunekoa bizi behar dela, gaur hemen gaudela eta bihar ez dakigula non egonen garen, baina Ugandako bidaian filosofia hori argiago ikusi dut». Halaxe aitortu du Ainhoa Iparragirre Perurenak (Leitza, 1973). Mukwano Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez, Ugandako Budhagali herrian izan da alabarekin eta senarrarekin batera, eta «oso esperientzia polita» izan dela dio. «Oso atzeratuak» bizi badira ere, «nik uste baino kontentuago bizi» direla kontatu du. 

Zergatik Uganda?
Duela 16-17 urte, gure lagun bat Mukwano Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundearekin lanean hasi zen. Facebooken bidez erakundearen lana asko jarraitu izan dut, eta aspalditik nuen hara joateko gogoa. Alaba heldua izan arte itxaron dugu eta joan den urte bukaeran joateko aukera ikusi genuen. Abenduaren 31n ailegatu ginen Ugandara, eta urtarrilaren 26ra arte han egon ginen. 

Nola prestatu zenuten bidaia?
Egia esan nahiko azkar. Normalean, urtezaharra hemendik kanpo oporretan pasatzen dugu eta aldi honetan ere betiko tokira joateko hartua genuen. Azken momentuan, ordea, azaro hasieran, Ugandara joatea erabaki genuen. GKEan ari den lagunari deitu eta berandu genbiltzala esan zigun, txerto batetik bestera hilabete bateko epea behar izaten baita... Nahiko justu ibili ginen nazioarteko txertaketa zentrora joan eta txertoak jartzeko egutegiarekin. Txerto asko izan ziren, eta Covidarekin egin genituen bueltak, zer esanik ez. PCR gora eta PCR behera ibili behar izan genuen. Txertaketen eta PCRen kontua estresagarria izan zen, baina bestela ez genuen arazorik izan. Hegaldiak hartu eta GKEk aurkitu zigun lotarako tokia. 

Maletan zer eraman zenuten?
Guretzat fakturatzen ez diren hiru maleta ttiki eraman genituen, eta hiru maleta haundiak GKEren esku jarri genituen, haientzako materiala garraiatzeko. Josteko makina bat, eta beste material batzuk eraman genituen, tartean, arropa erosi berria, guk han erabili eta gero haiei uzteko asmotan. 

Nola aurkeztuko zenuke Mukwano Lagun erakundea?
Jinjako eskualdean dagoen Budhagali herrian lanean ari da. Haien hizkuntza lusogera da eta lusogeraz mukwanok lagun esan nahi du. Proiektu inportanteena afrikastola da baina hortaz aparte, herriko jende askori laguntzen diete. GKEko gure lagun honek esaten duen bezala, garrantzitsua da hezkuntza ona izatea, baina oraindik garrantzitsuagoa da ongi deskantsatzea. Eta hala, GKE hau izan zen Budhagalira lehen aldiz koltxoiak eraman zituena. Orain gehienek koltxoietan lo egiten dute, oraindik oheetan ez, baina orain dela 17 urte lurrean lo egiten zuten. 

Zertan aritzen da afrikastola?
Lau, bost eta sei urteko haurrak hartzen dituen ikastola da. Urte batzuez Lehen Hezkuntzakoak ere hartu zituen, baina ume gehiegi ziren. Lau, bost eta sei urtekoak 150-160 izan daitezke, hiru gelatan banatuak, eta nahiko gela ttikiak dira. Hezkuntzaz gain, haurrei egunero janaria ematen diete, eta hori ere oso garrantzitsua da. Orain dela 17 urte Budhagaliko ume guztiek tripa hazia zuten, eta gaur egun, hori ia-ia desagertu da, Mukwano Laguni esker. Aipatu bezala, Haur Hezkuntzan ari da Mukwano Lagun, baina behar bereziak dituzten lehen eta bigarren hezkuntzetan ari diren familia batzuekin ere harremana mantentzen dute. Mukwano Lagunetik ateratakoan, dirulaguntzak izaten dituzte eskolan jarraitzeko, baina han dena pribatua da eta batzuek ez dute horretarako aukerarik. 

Afrikastolan lan egiten dutenen taldeko argazkia, tartean, Ainhoa Iparragirre bere familiarekin.

Nola bizi dira?
Gu egon ginen inguruan, Mukwanok laguntza haundia eman du eta nahiko ongi daude. Beste auzo batzuetan Budhagalin baino askoz okerrago bizi dira. Dena den, ez dute pretentsio haundirik, eta egunean zehar egiten duten guztia bizitzeko da. Goizean jaiki eta, gehienbat umeak eta emakumeak, putzura joaten dira ura ateratzera. Han ez dute garbigailurik, eta ura garrafoietan eramaten dute etxera, eta arropa garbitzen joaten zaie goiz erdia. Gero arropak zabaldu, eta janaria bilatu. Dirua daukanak jatekoa eros dezake, baina ez daukana lurretik hartutako azukredun makilatxo batzuk janez edo beraien lurretan dituzten bananak eta pinak janez elikatzen da. Asko dira makilatxo horiek jaten dituztenak. Eta bazkaria bukatzen dutenean, afaria lortzea da beraien hurrengo erronka. Umeak, berriz, edozein gauzarekin aritzen dira jolasean. Egunean egunekoarekin bizi dira. Jinja hiriburura joateko bodaboda taxiak erabiltzen dituzte, baina horretarako ere dirua behar dute. Dena den, osasunez ongi badaude, oso pozik bizi dira. Okerrena gaixo daudenen egoera da. Askok galdetu digute ez ote genituen ekarri nahi hona. Ongi daudenak han beraien erritmoan, ederki bizi dira eta ez nituzke ekarriko, baina gaixorik daudenak bai; han gaixorik dauden asko hemen ez liratekeelako gaixorik egonen. Hilabete eskasean behar haundiak zituztenak ikusi genituen, baina gaixorik zegoen 14-15 urteko neska gazte batek guztiz hunkituta utzi gintuen. Beragatik ezin genuela deus egin ikustea gogorra izan zen. Hemen ez zen gaixorik egonen, eta beranduegi zen hona ekarri eta zerbait egiteko. Arantza hori hor gelditu zait. 

«Han gaixorik dauden asko hemen ez lirateke gaixorik egonen»

Zertan aritu zineten?
Gure hasierako asmoa oporretan joatea zen. Hasierako lauzpabost egunetan Mukwano Lagun erakundean laguntzen aritzea pentsatua genuen, eta gero, gure kabuz, resort batera oporretara joatea, eta bueltan beste lauzpabost egunez Budhagalira bueltatzea. Azkenean, resorteko gure oporrak hiru egunetan gelditu ziren, eta gainerako egunak eskola inguruan pasatu genituen. GKEkoek esaten zigutena egiten genuen. Behar bereziak zituzten familiengana joan, medikuarengana lagundu, haiekin egon, ikastolan zerbait egin... Ikastola bi urtez itxita eduki ondoren, urtarrilean ireki zuten. Aurreneko astean ikastola garbitzen eta margotzen aritu ginen. Arropak eta janaria ere erosten genizkien, eta asko eskertzen ziguten. Oso sinestunak dira eta ia-ia egunero jaungoikoari esker joanak ginela esaten ziguten. Gu pasatzean belauniko jartzen ziren, ez jartzeko esanda ere. Hura gehiegizkoa zen. Ez genuen halakorik espero. 

Ikastola bi urtez itxita egon zela aipatu duzu. Horren eragina ere sumatuko zuten, ez?
Bai, asko. Lau, bost eta sei urterekin eskolatzen dira, eta bi urtez itxita egon ondoren, ikastolara sartu ziren ia guztiak berriak ziren, inoiz eskolatu gabekoak. Hizkuntzaren gaia ere hortxe dago. Ikastolan lusogera mantentzen dute baina ingelesa ere erakusten diete, eta eskolara joaten ez badira, ez dute ingelesa ikasteko aukerarik. Han 52 hizkuntza daude, eta herritik 50 kilometrotara beste hizkuntza bat dute. Hortaz, oso garrantzitsua da ingelesa ikastea jendearekin komunikatu ahal izateko. 

Zein dira gabeziarik haundienak?
Alde batetik, janaria aipatuko nuke, beraientzako oso garestia delako. Merkatuan arropak eta oinetakoak erosteko moduan daude, baina supermerkatuan jatekoarekin karroa betetzea oso-oso garestia da. Familia batzuei laguntzeko karroak erosi genituen eta bakoitza ehun euro inguru kosta zitzaigun. Hori beraien bizimodurako oso garestia da. Horrez gain, gasolina ere bi eurotan dute, eta behar dute, besteak beste, ospitalera joateko. 

«Egunerokoan ez dute dirurik erabiltzen»

Badute diru iturririk?
Lur aberatsa dute. Etxeetan bizi dira eta inguruan gehienek badute lurra, bananekin, pinekin... Merkatura saltzen dituzte, baina egunerokoan ez dute dirurik erabiltzen. 

Genero desberdintasuna nabaria da?
Bai, oso nabaria. Mukwano Lagun erakundearen bidez, hemengo jende asko joaten da eta Budhagalin badute gure kulturaren eta ohituren berri, baina orokorrean, emakumeen lana gogorragoa da eta neskek ez dituzte mutilek dituzten aukerak. Adibidez, semeak etxetik joaten dira, baina alabak etxean gelditzen dira.  

Kanpotik laguntza haundia ailegatzen zaie?
Budhagalin Mukwano Lagun elkartearen laguntza haundia jasotzen dute, eta ospitalera joan ginen batean, Unicefeko kaxa asko ikusi genituen. Askotan hemendik laguntzea kostatzen zaigu, ez dakigulako nora joaten den laguntza, eta alde horretatik, bidaia hau oso garrantzitsua izan da han utzi dugun guztia bertakoei laguntzeko izan dela ikusi dugulako. Dena den, ospitalean mafia ere sumatu genuen. Gure lagun bat aita izan zen, eta jaio eta bi egunetara, umeak bakteria bat zuela eta tratamendua beharko zuela esan zioten. Ospitaleak publikoak dira, eta esan zigutenez, gu haiekin geundelako aipatu zieten ordaindutako tratamendua behar zuela, bazekitelako guk ez genuela arazorik izanen eskatzen zituzten 150.000 txelinak ordaintzeko. 

Pandemiak egunerokoan eragin die?
Covidarekin ez daude batere larrituak. Gu egon ginen hotelean uste dut denek harrapatu zutela, baina lanean segitu zuten. Katarro bat bezala pasatzen dute, garrantzia gehiegirik eman gabe. Malariak gehiago kezkatzen eta ikaratzen ditu.  

Nolako balorazioa eginen zenuke?
Oso esperientzia ona izan da, ez nuen horrelakorik espero. Bidaia hunkigarria izan da, alde batetik, nik uste baino askoz ere atzeratuagoak bizi direlako: lurreko makilak jatea, hanka hutsik ibiltzea, dutxatzeko aukerarik ez izatea... Baina bestetik, zein gutxirekin zein pozik bizi diren ikustea hunkigarria izan da. Nik uste baino kontentuago bizi dira. Osasuna baldin badute, ez dute gehiago behar.

«Aspalditik oso barneratua izan dut egunean egunekoa bizi behar dela. Baina bidaia honekin filosofia hori argiago ikusi dut»

Zerbait ikasteko balio izan dizu?
Aspalditik oso barneratua dut egunean egunekoa bizi behar  dela, orain hemen gaudela, eta ez dakigula bihar non egonen garen. Baina bidaia honekin filosofia hori argiago ikusi dut. Daukaguna eskertu behar dugu, eta osasuna izatea da garrantzitsuena, bai hemen, bai Afrikan. Gero gerokoak. 

Bueltatuko zinateke berriz?
Bai, bai, berriz bueltatu beharrak gara. Hitz eman diegu. Alaba 21 urteko neska baten oso laguna egin zen eta aita izan zen beste batekin harreman haundia egin genuen. Oraindik ia-ia egunero GKEko telefonotik bideoak bidaltzen dizkigu eta aita eta ama deitzen digu. Alde egin behar genuenean, aireportura joan ziren gurekin, eta agurra oso traumatikoa izan zen. Hitz eman genien bueltatuko ginela, eta bueltatuko gara, seguru.

Eta noiz bueltatuko zarete?
Covidik ez dagoenean. Joan ahal izateko 330 euro ordaindu genituen PCRak egiten eta beste horrenbeste bueltatzerakoan. Han diru horrekin zenbat gauza egin daitekeen ikusita amorrua ematen du horretan gastatzeak. Covidagatik bidaiatzeko dauden exijentziak onartezinak dira. Ugandara bueltatzen garenean, ez nuke PCRak egiten horrenbeste gastatu nahi. 

Zerbait gaineratuko zenuke?
Alde batetik, denei hara joateko deia eginen nieke, eta bestetik, elkarteari laguntzeko poltsak ekarri ditugula aipatu nahi nuke. Mukwano Lagunen diru iturri nagusia bertako materialaren salmenta da. Helburu horrekin han egindako 200 poltsa ekarri ditugu eta hamar eurotan salgai ditugu. Poltsa horiek nire ahizpak Leitzan eta nik Iruñean dauzkat salgai. Facebooketik ere ari gara. Diru guztia elkartearentzat izanen da.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun