Gaztetxoek erantzun bikaina eman dute Goizuetako Katarrapikaka-ttiki lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 28a, 15:30

Goizuetako DBHko ikasleekin Katarrapikaka-ttiki lehiaketa egin zuten ostiralean udaletxeko ganbaran. Gaztetxoak lau taldetan banatuta egin behar izan zituzten lanak, eta bikain moldatu ziren. Dabid Anaut euskara teknikariaren hitzetan, «oso ongi atera zen. Talde guztiek oso ongi erantzun zuten, eta publikoaren harrera ere oso ona izan zen».

Lau laguneko hiru taldek eta hiruko batek parte hartu zuten lehiaketan: batean, Xanet Apezetxea Etxeberria, Lorea Saldias Makazaga, Iraia Salaberria Narbarte eta Aingeru Salaberria Zabala aritu ziren; bestean Uxue Ollo Calleja, Elaia Narbarte Makatzaga, Markel Salaberria Zinkunegi eta Adur Sagardui Lekuona; beste taldea Irati Apezetxea Ansa, Itxaso Legarreta Etxeberria, Julen Salaberria Zinkunegi eta Anartz Lujanbio Narbartek osatu zuten eta azkena Oier Ruiz Beasain, June Alsua Yarza eta Maria Aizkorbe Jimenezek.

Taldeka Goizuetari buruzko hamar proba egin behar izan zituzten parte hartzaileek: Goizuetari buruzko galderak, Goizuetako esaera zaharrak, imintzioka Goizuetako hitzak, Goizuetako etxeen izenak,  herriko auzoen izenak, animalien araldiak eta kumeen izenak Goizuetako moduan... Euskara Zerbitzuaren eta herriko hainbat boluntarioren elkarlana izan zen lehiaketa, eta Dabid Anaut euskara teknikariak «partaideak proba guztietan oso ongi moldatu» zirela adierazi dio TTIPI-TTAPAri.

Horren seinale, bukaerako puntuazioa «oso lehiatua» izan zen: «talde irabazleak 45 puntu irabazi zituen, eta laugarrenak 40,5 puntu. Beraz, denak hortxe-hortxe ibili ziren. Ikasleek eskolan landu zituzten edukiak, eta etxeko lanak ongi eginak ekarri zituzten. Sentsazio onarekin gelditu ginen».

Partaideek ez ezik, herritarrek ere ongi erantzun zuten: «Edukiera ehun lagunekoa zen, eta publikoan 60 heldu eta 20 ume bildu ziren. Antolatzaileen artean 20 lagun ginen, eta horrek esan nahi du , salgai zeuden sarrera guztiak erosi zituztela». 

Saria guztientzako

450 euroko sariaz taldekide guztiek gozatuko dute. Talde bakoitzak aurretik proposatu zuen saria, eta talde irabazleak aukeratutako saria denentzat izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun