Goiuri Zabaleta Rodriguez

«Etorkizunean pilotari izatea da nire ametsa»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 27a, 08:00

Hamabi urte besterik ez ditu, hamahiru datorren hilabetean bete beharrak, eta dagoeneko nabarmentzen hasia da Goiuri Zabaleta Rodriguez (Leitza, 2009). Pilota du pasio, bere hitzak eta bere emaitzak dira horren lekuko eta etorkizunean bide horretan jarraitu nahi du; bere ametsa pilotari izatea baita. Ados pilota klubak antolatutako Binakako Pilota Txapelketan jantzi du bere azken txapela, eta «oso pozik» dago.

Noiz hasi zinen pilotan?

Bederatzi urterekin hasi nintzen. Gelako mutil batzuk pilotan hasi ziren, eta haiek ikusita, probatzea erabaki nuen. Aurrera Pilota Eskolan apuntatu nintzen eta geroztik hemen nago. 

Berriki, Adosen Binakako Pilota Txapelketan txapela jantzi duzu promozio mailan. Espero zenuen?

Leirek [Galeano Mondragon] eta biok hasieratik nahiko txapelketa ona egin genuen, eta bagenuen finalean irabazteko aukera. Finalean nahiko ongi hasi ginen, baina gero kontrarioak tantoak egiten hasi ziren eta pixka bat urduri jartzen hasi nintzen. Hala ere, partidak aurrera egin ahala, lasaitu eta dakidana eman nuen. Azkenean irabazi genuen eta oso pozik nago. 12 urterekin hau dena lortzea handia eta oso pozgarria izan da niretzat.

Txapelketako gazteena zinen...

Bai, nire bikotekidea eta biok izan ginen gazteenak. Nik 12 urte ditut eta berak 14 urte. Zaharragoei irabaztea ikaragarria izan zen.

Ez da jantzi duzun txapel bakarra, baina hau bereziena izan da?

Iaz jantzi nituen Nafarroako txapelketakoa eta Josetxo Ezkurra Memorialekoa ere aipatuko nituzke, baina bereziena Adosek antolatutako txapelketako txapela izan da. Beharbada gehien gozatu dudan txapelketa izan da eta txapel honek ilusio berezia egin dit. Txapelketa bera ere oso polita izan da eta alde horretatik, Ados pilota klubari eskerrak eman nahi dizkiot txapelketa zoragarri hau antolatzeagatik. Ea hurrengo urtean ere horrelako txapelketak izaten ditugun. Oso garrantzitsua da Adosek egiten duen lana, profesional izateko bide bat da.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Astelehenetan eta asteazkenetan Aurrerarekin aritzen naiz, eta hamabost egunetik behin Maite Ruiz de Larramendi eta besteekin entrenatzera joaten naiz. Asteburuetan partidarik ez badut, batzuetan, aitarekin Ezkurrako frontoira edo Leitzako plazara joaten naiz pilotan aritzera. Ia-ia egunero aritzen naiz pilotan. Errekreo denboran ere pilotan ibiltzen gara, eta arratsalde batzuetan, lagun batzuekin ere bai.

Zure zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?

Nire gustukoenak dejadak dira.

Hobetzekotan zer aipatuko zenuke?

Aireko jokoa. Orain hasi naiz airez jokatzen ikasten, eta ea hemendik aurrera gehiago ikasten dudan.

Nola moldatzen zara ikasketak eta entrenamenduak bateratzeko?

Amazabal Institutuan 1. DBH egiten ari naiz. Oraingoz ongi moldatzen naiz. Azterketa asko ditugunean, pilota pixka bat aparte uzten dut, lehentasuna eskolak duelako. Baina ahal dudan guztietan pilotan jarraitzen dut.

Etorkizunean ikasten segitu nahi duzu?

Nik pilotari izan nahi dut. Oraingoz, ikasten jarraitu behar dut, eta ikastekotan segur aski kirolarekin lotutako zerbait ikasiko dut, baina nire ametsa pilotari izatea da.

Nola ikusten dituzu emakumezkoak pilota munduan? Gizonezkoen parekoa izanen da?

Asko indartzen ari da. Pilotari asko heldu dira, batzuk oso onak, eta ea baduten etorkizuna. Ez dut uste pare-parean egonen denik, baina ondoan bai.

Labur-labur
Pilotari bat? Joseba Ezkurdia eta Olatz Arrizabalaga.
Frontoi bat? Leitzakoa.

Noren aurka jokatuko zenuke gustura pilotan? Maddi Barrokalen aurka.
Pilota ez den beste kirol bat? Futbola.
Baduzu maniarik pilotan? Beti koilare bat janztea gustatzen zait, suertea emateko.
Musika talde bat? Gatibu.
Eskolako irakasgai bat? Soinketa edo matematika.
Leitzako txokorik gustukoena? Frontoia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun