Garazi Loiarte Villar

«Emakumeentzat bidea irekia da nahi duenak zahagi dantza egiteko»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 26a, 08:00

Geldirik egoten ez den gaztea da Garazi Loiarte Villar goizuetarra. Dantzetan aritzen da, amarekin Txirikordak josteko proiektua sortu du, musikaren munduan murgilduta dago eta argazkilaritza ere zaletasuna du, besteak beste.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Iruñea eta Goizueta artean bizi den neska bat naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Zaletasun asko dauzkat: argazkilaritza, kirola, mendia… bidaiatzea ere asko gustatzen zait!

2019ko inauterietan Goizuetako lehenbiziko emakume zahagia izan zinen eta aurten ere dantzan ikusi zaitugu. Zer suposatzen du horrek zuretzako?

Zahagi dantza egitea asko gustatzen zait eta egun arrunt berezia da niretzako. Bestondo emozional haundia eragiten dit.

Eta emakume guztientzako?

Lehenbiziko emakumea izateak niretzat suposatzen duen gauza bera, ez naizela azkena izanen. Orain bidea irekia da nahi duenak dantza egiteko!

Artisaua zara. Zer da Txirikorda proiektua?

Kontsumo kapitalistaren aurrean alternatiba ttiki bat.

Nola hasi zineten proiektuarekin?

Konfinamenduan hasi ginen ama eta biok, etxeko josteko makinari hautsa kentzeko asmoarekin. Orain aitak eta anaiak ere laguntzen digute.

Zer nolako produktuak ekoizten dituzue?

Denetarik egiten dugu! Poltsak, belarritakoak, nezeserrak, turbanteak, mototsekoak…

Honez gain, argazkilaritzan ere ibiltzen zara. Noiz hasi zinen argazkiak egiten?

Ttiki-ttikitatik etxetik jaso izan dudan zaletasuna da. Argazki kamera bat oparitu zidaten orain duela urte batzuk. Hala ere, azken aldian, telefonoarekin ateratzen ditut argazkiak.

Zeri nahiago izaten duzu argazkiak egin?

Egunaren arabera izaten da. Bidaiatzea gustuko dut eta horrekin uztartzen dut argazkilaritza. Nire zakurra ere nazkatu samarra daukat, gizajoa!

Zure asmoak epe motzera?

Askapenako Brigadak martxan dira… Maleta egiten hasiko naiz badaezpada!

Eta epe luzera?

Goizuetara bueltatzea eta baserri bat eraikitzea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun