Arduradun berriak izendatu dituzte Goizuetako Arainburu Mendi Taldean

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 25a, 12:00

Goizuetako Arainburu Mendi Taldeko ordezkariak.

Apirilaren 2an Aranolara mendi irteera antolatu dute

Goizuetako Arainburu Mendi Taldeak aldaketekin hasi du urtea. Sorreratik lehendakaria izan den Olatz Zabalak urte hasieran utzi zuen taldea, eta bere lekukoa Patxi Etxeberriak hartu du. Igaratza Apezetxea, berriz, idazkaria izanen da aurrerantzean.

Zabalari «urte pare hauetan egindako lana eskertu» nahi izan diote taldekideek. Hain zuzen, bera joan ondoren egin zuten taldean sartzeko gonbita eta mendi taldeak jakinarazi duenez, bost partaide berri sartu dira: Jose Jabier Etxeberria, Eder Huizi, Alvaro Legarreta, Miel Joxe Lekuona eta Ibai Zugarramurdi.

Bi urteko bidea

2020 hasieran sortu zen Arainburu Mendi Taldea, udalak bultzatuta. Hernani-Goizueta bide zaharraren zati bat ezagutzeko mendi ibilaldi bat antolatu zuten eta orduan ikusi zuten mendian taldean ibiltzeko grina. Halaxe hasi zuen bidea herriko mendirik altuenaren izena daraman taldeak. Geroztik hainbat eta hainbat txoko ezagutzeko aukera eman du, eta hemendik aurrera ere emanen du.

Aranolara irteera

Apirileko aurreneko larunbatean, apirilaren 2an, eginen du hurrengo hitzordua Arainburuk, Aranolara mendi irteera antolatu baitu. 08:30ean herriko plazatik abiatuko dira eta 12,05 kilometro eta 590 metroko malda duen ibilbide «erraza» izanen dela aurreratu dute. 12:30erako bueltan izanen dira eta norberak bere jatekoa eta edatekoa eraman beharko ditu.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun