Heldu den astean Goizuetan eta Leitzan musika emanaldiak eginen dituzte Aralar Musika Eskolako ikasleek

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 26a, 12:00

Aralar Musika Eskolako ikasleak 2019an Goizuetan egindako kontzertu batean.

Aralar Musika Eskolako ikasleak prest dira orain arte ikasitakoa jendaurrean erakusteko. Hala eginen dute datorren astean Leitzan eta Goizuetan. Leitzan martxoaren 29an eta 30ean eginen dituzte musika emanaldiak, eta Goizuetan martxoaren 30ean.

Leitzan Herri Aretoan

Asteartean, 16:00etan piano eta perkusio emanaldia eginen dute eta 17:30ean trikitixa eta akordeoi ikasleen eta fanfarrearen txanda izanen da.

Asteazkenean, berriz, 17:00etan zeharkako txirulako ikasleek emanaldia eginen dute eta 17:45ean gitarra, saxofoia eta pop-rockaren txanda izanen da. Hitzordua borobiltzeko 19:30ean abesbatzak kontzertua emanen du.

Emanaldi guztiak Herri Aretoan izanen dira

Goizuetan udaletxeko ganbaran

Asteazkenean 16:00etan hasiko da lehen entzunaldia Goizuetan. Ordu horretan, gitarra, saxoa eta pianoa ikasten ari diren musikarien txanda izanen da eta 17:00etan trikitixa ikasleek hartuko dute lekukoa. Talde instrumentalarekin eta pop-rock taldearekin batera ariko dira. Udaletxeko ganbaran izanen dute hitzordua.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun